Gure Esku Dago logo

Ziklo berri bati atea irekiz

2018ko plangintza aurkeztu eta onartu du Gure Esku Dagok asteburuan Agurainen (Araba) egin duen Bazkideen Ezohiko Batzarrean. 'EtorkiZUna' izango da kanpaina orokorraren lelo nagusia.


2017-11-26

2018a urte erabakigarria izango da euskal herritarrontzat. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezke eta, zalantzarik gabe, herritarron ekarpena ezinbestekoa izango da aukera horiek posible egiteko. 2018ko plangintzarekin GEDek ateak ireki nahi dizkio erabakitzeko eskubidea posible egingo duen ziklo berriari. Gure esku dagoen guztia egitera goaz.

Argi dugu ez dagoela herri gisa erabakitzerik, adosteko jarrera eta kultura ahalduntzailerik gabe. Ezinbesteko oinarri hori sendotu nahi dugu datozen hilabeteetan. Gure etorkizun politikoaren eztabaidan gizartearen parte hartzea bideratzeko tresna eraginkorrak sortuko genituela esan genuen eta Herritarron Ituna martxan jartzera goaz.

2018an erabakitzeko eskubidea edukiz beteko dugu dinamika herritar eta parte-hartzaileen bidez. Ekainera bitartean, euskal herritarrok zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun jasoko dugu Herritarron Itunean, arloz arlo eta herriz herri. Eta 2018ko ekainaren 10ean egingo dugun mobilizazio nagusia izango da erabakitzeko arrazoiak erakusteko eta indartzeko eguna. Ekainetik aurrera, Euskal Herriko eragileek bat egingo duten Herri Ituna sustatuko du Gure Esku Dagok. Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea izango du helburu Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Itunak. Guztiok bat eginda soilik lortuko baitugu aurrerapauso sendoak eta eraginkorrak ematea.

Herri galdeketen ildoak ere jarraipena izango du tokian tokiko herritar ahaldunduen eskutik. Jada lortu dugu galdeketak 180 herrietan egitea, 780.000 biztanle bizi diren eremuan, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz. Eredu hori Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu, orain arte lortu den adostasun sozial zabalean sakonduz. Ahalegin berezia egingo dugu galdeketen olatua hiriburuetara ere iritsi dadin; Donostian dagoeneko abian da prozesua. Hori bai, tokian tokiko testuingurua eta erritmoak errespetatuko ditugu. Horregatik, EAEn herri-galdeketen lan ildoari 2018an emango diogu amaiera. Nafarroan eta Iparraldean, aldiz, 2019an.

Lau urteotan milaka euskal herritarrok erabakitzeko borondatea, konpromisoa eta determinazioa adierazi dugu. Jabetu gara erabakitzeko aukerak sortu eta aldarrikatzeaz gain, erabakitzeko prest egon behar garela, gai izan behar garela eta bide hori babestu eta sustatuko duen gizarte zibil sendo eta zabala behar duela herri honek. Gure Esku Dago indartsua behar dugu, dinamika herritar sendo eta autonomoa. Horregatik, bazkideen figura indartu nahi dugu, batetik, eta Tripontzia Urteberriko Saria kaleratu dugu, bestetik. Bi iturri horien emaria ezinbestekoa izango da erronka berriei heltzeko.

Herri galdeketak eta Herritarron Ituna, 2018ari begira erabiliko ditugun tresnak tontorrera bidean. Sortu gintuen erronkari helduko diogu. Gure esku dagoen guztia egitera goaz etorkizuna erabakitzeko. Eta etorkiZUna zu ere bazara. Denok gara. Har dezagun bidea!

PLANGINTZAREN TXOSTENA

https://drive.google.com/open?id=1G-T4hRR0oPHqfZ9lGJw5YBFb2sXIR1L5

BIDEOA

https://www.youtube.com/watch?v=uEGi9YafXQo&t=1s

Gure Esku Dago Twitter-en