Gure Esku Dago logo

Puigdemontekin elkartu da Gure Esku Dagoren ordezkaritza

Gernikako elkartasun ekitaldiaren ondoren, Kataluniako erreferendumaren urteurrenean, Carles Puigdemontekin bildu dira Waterloon GEDren bozeramaile Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz.


2018-10-01

Duela urtebete, urriaren 1ean, Katalunian izan zen Gure Esku Dago. Urtebete ondoren, Bruselara egin du bidaia, Espainiako estatuaren errepresioaren ondorioz exilioan den Carlen Puigdemont lehendakariarekin egoteko. Erreferenduma posible egiteagatik kartzelan zein erbestean daudenei babes keinu bat egin nahi izan die dinamikak, data esanguratsu honetan.

Eguerdiko 12:00etan jaso ditu Kataluniako lehendakari erbesteratuak GEDren ordezkari Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz, Waterlooko Errepublikaren Etxean. Kataluniako eta Euskal Herriko testuinguru politikoa izan dute hizpide eta bi herrien arteko elkarlan esparrua indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. “Elkartasunetik elkarlanerako” jauzi honen garrantzia azpimarratu du Oiarbidek.

Oroigarri gisa, enbor baten xafla bat entregatu diote Amonarrizek eta Oiarbidek Puigdemonti; Jose Antonio Agirre Lehendakariaren 1939. urteko esan bat du zizelkatuta: “Euskadik inork baino gehiago sentitzen du Kataluniaren antsietatea... katalanek eta euskaldunok oztopo berdinei aurre egin behar diegu, eta, horregatik, elkarrekin biziko dugun arrakasta kolektiboa izango da”.

Euskal Herrian elkarretaratzeak eta elkartasun ekimenak deitu ditu Gure Esku Dagok herrietan gaur arratsalderako.

Gure Esku Dago Twitter-en