Gure Esku Dago logo

Maiatzaren 19rako mobilizazioa deitu du Nafarroako Gure Esku Dagok

Orain arte egindako bidearekin “indartsu eta alai” agertu dira kideak. Aurtengo plangintza aurkeztu du dinamikak ‘etorkizuna nafarron esku’ lelopean.


2018-03-25

Kataluniako egoera kezkagarria gogora ekarriz hasi du ekitaldia Juan Kruz Lakasta aurkezleak. GEDren Nafarroako bozeramaile Anabel Arraiza eta Aitor Urrutiari eman die hitza jarraian: “Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko borondateak pilatzen ari dira, urtetik urtera gehiago. Nafarroan bertan erabakitzeko nahi eta beharra gero eta argiago azaltzen ari dira azken aldian”. Hori horrela, lau lan ildo nagusi jorratuko dira aurten Nafarroan: herri galdeketak, Herritarron Ituna, ekainaren 10eko giza katea eta maiatzaren 19ko ekimena.

Nafarroako hogeita sei herrietan egin diren herri galdeketei segida emango diote aurten Lizarraldeak (Deierri, Lezaun eta Oteitza) eta Malerrekak (Doneztebe, Donamaria, Legasa, Elgorriaga, Ituren eta Zubieta) maiatzaren 6an. Herritarron Ituna osatuko duten arrazoien bilketa ere sustatuko dute eskualdez eskualde, saio parte-hartzaileen bidez. Eta ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko deia egin dute: “Nafarrok aukera ezin hobea izango dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa agertzeko, eta eskuz esku etorkizuna eraikitzeari ekiteko”. Zarautzen 25. kilometroan, eta Gasteiz ondoan 193. kilometroan, batuko dira, nagusiki, nafarrak.

“Nafarrok burujabe izan nahi dugu, erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu. Baina hori lortzeko, mugitu egin beharko gara”, ohartarazi du Urrutiak. Hain zuzen, maiatzaren 19rako deitutako mobilizazioak sortu du ikusminik handiena. ‘Etorkizuna nafarron esku’ lelopean, Nafarroako armarria irudikatuko duen giza-armarria osatuko dugu maiatzaren 19an, Iruñeko Gaztelu Plazan. Hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak: “Nafarron erabakitzeko borondatea agerian uztea, elementu sinboliko bat erabiliz; ekainaren 10eko giza kateari begira jendea parte hartzera animatzea; eta indarrak biltzea etorkizunari heltzeko”. Datozen hilabeteotan Nafarroa osoan erabakimenaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko determinazioa adierazi du herri mugimenduak.

 

Azalpen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=vaO-jnAnclo

Informazio gehiago:

https://drive.google.com/open?id=14dKNXrIj0ef4HLDOKW3AcGKqhaqJwef3

Gure Esku Dago Twitter-en