Gure Esku Dago logo

Katalunia gara

Demokraziaren aldarriak gainezka egin du Bilbon


2017-09-30

Milaka euskal herritarrek Kataluniako erreferenduma babestu dute Bilboko kaleetan, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazioan, egun historikoaren bezperan. ‘Demokrazia. Erabakitzeko Askatasuna’ lelopean abiatu da manifestazioaren burua La Casillatik 17:30ean. Pankartan, GEDko kideekin batera, besteak beste, Laura Mintegi, Paul Rios, Mari Luz Esteban, Gorka Mostajo eta Itsaso Andueza. Pankartaren atzean erabakitzeko eskubidearen aldeko eragileetako ordezkari ugari.

Eragile ezberdinetako 300 boluntariotik gora aritu dira lanean elkarlanean. Bai antolakuntzan eta bai ibilbidean giro baketsua, lasaia eta alaia nagusitu da. Bihar Katalunian egingo den erreferendumari babes zabala erakutsi diote milaka herritarrek, eta, elkarrekin, elkartasun besarkada erraldoia bidali diete katalanei.

Haien aldarria gurera ekarri nahi izan du Gure Esku Dagok, gaur ere, eta baita irudikatu ere. Aurtengo Diada egunean Bartzelonan erabili den lona erraldoia Bilbora ekarri dute: ‘Erreferenduma demokrazia da’.

Zabalburuko geldialdiaren ostean, manifestazioak aurrera jarraitu du eta 19:10ak aldera jendetza bildu da udaletxe aurrean, itxiera ekitaldia ikusteko. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteen mezuak entzun dira, euskal herritarroi zuzenduak, espresuki manifestazioan kaleratzeko.

Jordi Sanchez (ANC): “Bihar Katalunia izango da eta, seguru, laster, Euskal Herria bere autodeterminazio eskubidea gauzatzen duena”.
 
Jordi Cuixart (Omium): “Ez dugu sekula ahaztuko Euskal Herritik jasotzen ari garen babesa". 

GEDren bozeramaileek euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta katalanez irakurri dute adierazpena; Angel Oiarbide, Zelai Nikolas, Maiteder Uribarri eta Begotxu Olaizolak, hurrenez hurren. Bihar “egun historikoa” izango dela nabarmendu dute, “mugarri bat”, “lezio demokratiko bat”.

Espainiako Gobernua eta estatuko beste erakunde batzuk “Kataluniako herritarren gehiengoak erreferendum baten bidez etorkizuna erabakitzeko borondatea eragozten” ari direla salatu dute bozeramaileek. “Baina herritarren ahotsari ezin zaio betoa jarri, ezin da zentsuratu, ezin da isildu. Ezinezkoa da. Demokrazia ezin da zigilatu. Ez dago giltzarrapo nahikorik horretarako. Guk argi daukagu: boto-paper baten bidez bere borondatea adierazi nahi duen orok libreki eta lasaitasunez egin ahal izatea nahi dugu eta hala izatea espero dugu. Bozkatzea sekula ezin da delitu izan”.

Berretsi dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko konpromisoari eutsiko diola Gure Esku Dagok: “Bihar egun historikoa izango da, baina ez da mundua bihar amaituko. Etzi egongo da, eta etzidamu. Herri katalanarekin dugun elkartasunezko konpromisoak jarraituko du, prozesu osoan alboan jarraituko dugu. Askatasun demokratikoekin eta elkarrizketarekin dugun konpromisoak jarraituko du”.

Amaiera biribila eman diote egunari. Lluis Llach-en L’Estaca abestiaren bertsiorik berrienarekin, euskal herriko hainbat abeslariren eskutik, zuzenean. Eta haiekin batera, jendetza abesten, elkarri helduta.

Gure Esku Dago Twitter-en