Gure Esku Dago logo

Giza kate batean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditugu ekainaren 10ean

201,9 kilometro izango ditu giza kateak. Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratzeko eguna izango da.


2018-01-30

“Ospakizun egun handia izan zitekeen gaurkoa, arrazoirik ez zaigu falta. Baina nahiago dugu gaur arte lortutakoa aurrera egiteko indar gisa baliatu. Eta gaur, hemen, jauzi bat, pauso bat, urrats bat aurrera egitera goazela esateko bildu gara”. Hitz horiekin hasi dute aurkezpena Zuriñe Hidalgo eta Jon Gomez Garai aurkezleek, 202 kilometro arduradunak eta kide gehiago aurrean zituztela. Gaur goizean bildu dira, lehenengoz, denak, Gure Esku Dagok Donostiako Eureka Zientzia Museoan antolatu duen ekitaldian.

Musika, dantza eta poesiak lagunduta, gaurko eguna baliatu nahi izan du dinamikak, aurtengo plangintzari ekiteko. Bost hilabetean erabakitzeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri, datorren astetik aurrera hiriburuetan antolatutako mahai-inguruetan hasita. Ekainaren 10ean, milaka lagun, arrazoiz betetako zapiak tarteko, elkartuko dituen giza katean plazaratuko dituzte aurreko hilabeteetan jasotako arrazoiak. “Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu”, azaldu du Angel Oiarbide GEDren bozeramaileak.

Oiarbidek azpimarratu du Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean: “Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest”.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute. Datozen egunetan jarriko da martxan izen-ematea, interneten zein herrietako taldeen eskutik.

Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk izendatuko zaizkio. Eskualde horietako herritarrak esleitutako puntuetara joan beharko dira giza katea osatzen dela ziurtatzeko.

 

ADIERAZPENA

Bozeramaileak: Angel Oiarbide (eus), Zelai Nikolas (cas)

Urte berezia izango da aurtengoa, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak etor daitezkeelako. Erabakitzeko eskubidea posible egingo duen ziklo berri bat zabaltzeko aukerak ditugulako. Baina urte berezia ez ezik, 2018a urte erabakigarria izatea nahi dugu, eta aukera horiek egi bihur daitezen lan egingo dugu. Aukerak ez baitira etortzen. Sortu egiten dira.

2018ko ekainean bost urte beteko ditu Gure Esku Dagok. Bost urteotan herritarrok herri honi egin diogun ekarpena ezin da neurtu ez zenbakietan, ez ehunekoetan. Erakutsi dugu erabakitzeko eskubidea, epe luzera begira, bizikidetzarako tresna ezinbestekoa dela. Guretzat eta gure ondorengoentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzeko orubea eratzen ari gara, eta etorkizun hori erabaki ahal izateko bidea jorratzen segitzen dugu.

Euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki eta demokratikoki, normaltasunez, erabakiko dugun ziklo berri bat ireki nahi dugu. Eta 2019a jarri dugu jomugan. Esparru ezberdinetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten ari diren urrats guztiek bat egin dezaketelako. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekaitz perfektua sortzeko aukera handiak ikusten ditugu. Testuinguru horretan eraginez, herritarrok gure ekarpena, gure esku dagoen guztia egingo dugu, guri dagozkigun pausoak irmoki, sendo eta elkarrekin emanez, erabakira iristeko.

Argi duguna da ez dagoela herri gisa erabakitzerik, adosteko jarrera eta kultura ahalduntzailerik gabe. Ezinbesteko oinarri hori sendotu nahi dugu datozen hilabeteetan. Gure etorkizun politikoaren eztabaidan herritarron parte hartzea bideratzeko tresna eraginkorrak gizarteratuz, Herritarron Ituna martxan jartzera goaz, datorren astean abiatuko den mahai-inguru zikloarekin. Aurrerantzean, han eta hemen egingo ditugun saio parte hartzaileetan, ‘2019 arrazoi erabakitzeko’ jasoko ditugu ekainaren 10ean erakundeei helarazteko. Eta ekainetik aurrera, erabakitzeko eskubidearen aldeko Euskal Herriko eragileen Herri Ituna sustatuko dugu.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katea aurkeztu dugu gaur; 201,9 kilometrotan, 100.000 lagun baino gehiago eskuz esku, arrazoiez betetako zapiekin, batuko dituen giza katea. Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu. Aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikusi ditugu baldintzak eta testuingurua dimentsio honetako mobilizazio bat antolatzeko. Baina ez dezagun ahaztu, Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dugu horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean.

Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest.

Herri galdeketak, Herritarron Ituna eta inoiz ezagutu gabeko mobilizaziorik handiena: giza katea. Hiru lan ildoek, norabide berean, bat egingo dute aurtengo urtea amaitzen denean, eta une horretan atea zabalduko diogu ziklo berri bati. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko aukera izango dugun zikloari.

Aurtengo bidaia honetan aktiboki parte hartzera dei egiten dugu. Gure herrikideei arrazoiz eskatu nahi diegu parte har dezaten eskura ditugun helburuak lortzeko erronka berri honetan. Milaka arrazoi ditugu elkarri eskua emateko. Ezin dugu aukera historiko hau galdu. Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Determinazio osoz goaz aurrera, herri libre bat izateko, burujabe izan behar dugulako.

Eman diezaiogun eskua etorkizunari, demokraziari, erabakiari. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean. Har dezagun bidea!

 

Spot-a: https://www.youtube.com/watch?v=w8ZGODRIIR0&feature=youtu.be

Saio osoa ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=A3QHccDyExQ

Gure Esku Dago Twitter-en