Gure Esku Dago logo

Datorren larunbatean giza armarrian parte hartzeko deia egin du Nafarroako GEDek Oteitzatik

Herri galdeketa egiten ari dira gaur Oteitzan. 725 pertsona daude bozkatzera deituak Euskal Herriaren etorkizun politikoaz hitza hartzeko. Eguerdiko 14:00etarako 103 lagunek eman dute botoa. Galdeketa eguna baliatu du Nafarroako Gure Esku Dagok maiatzaren 19ko giza-armarriaren mosaikoan parte hartzeko deia egiteko.


2018-05-13

Agerraldiko adierazpena

 Gaur hemen batu garen herritarrak, orain arte Nafarroan herri galdeketak egin ditugun herrietako kideak gara. Nafarroan jada 34 herrietan erabakitzeko eskubidearen alde aurrerapauso esanguratsuak eman ditugu. Izan ere, gaur arte 33.642 herritar deitu ditugu bozkatzera, eta 9.834 lagunek parte hartu dute estatus politikoari buruzko galdeketan (% 28.95). Animatu nahi ditugu Oteitzarrak parte hartzera, hitza hartzera eta haien borondatea botoaren bidez adieraztera.

Datuen atzean, borondate argi bat ageri zaigu: Nafarroan erabaki nahi dugu, eta herritarrei eragiten diguten auzi guztietan. Uste dugu borondate honekin Nafarroako herritar gehienok bat egiten dugula. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena Nafarroako punta desberdinetatik aldarrikatzen hasi garen eskubide bat da, errealitate desberdinetatik hasten dena. Nafarroaren aniztasuna aintzat harturik, erabakitzeko eskubideak Nafarrok batzeko balio duelakoan gaude, azken batean, herritarren borondatea ardatz nagusia delako, guztiona eta berdintasunean.

Nafarroako Parlamentuak 19 lege ditu Auzitegi Konstituzionalean errekurrituta, horietatik batzuk oinarrizko eskubideak bermatzeko egindakoak. Joera zentralista hauen aurrean, guk hemen edozertaz erabaki nahi dugula argi eta garbi adierazi nahi dugu, hobe erabakiko dugulako. Eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoen testuinguru honetan, demokraziaren defentsa eta erabakitzeko eskubidea dira ipar-orratza. Horretarako, denok gara beharrezkoak, bakoitzaren alea eta indarra funtsezkoak dira.

 Aste honetan bertan, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi duen bezala, Nafarroaren estatus politikoa nafarrok erabakiko dugu. Erronka hori posible izan dadin lanean ari gara. Erronka handia da, denon konpromisoa behar duena. Horregatik, hemendik, Oteitzatik, nafar guztiak deitu nahi ditugu datorren larunbatean Iruñeko Gaztelu Plazara joatera, etorkizuna nafarron esku nahi dugula aldarrikatzera.

Eskuz-esku eta herriz herri, sareak josiz, konplizitateak sortuz, Nafarron erabakitzeko eskubidea erdigunean jarriko dugu maiatzaren 19an, Iruñeko Gaztelu Plazan eguerdiko 12:00etan. Giza armarria eraikiko dugu, Nafarroako armarria irudikatuko duen mosaikoa osatuko dugu herritarrok, Nafarroako etorkizuna nafarrok erabaki nahi dugulako. Etorkizuna nafarron esku! Gure Esku Dago!

 

BIDEOA: https://youtu.be/U2FSWqnyyBU

Gure Esku Dago Twitter-en