Gure Esku Dago logo

"Berme guztiak" eta nazioarteko goi mailako begiraleak izango dituzte igandeko galdeketek

Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko ordezkariek datorren igandeko herri galdeketetan parte hartzeko deialdi bateratua egin dute gaur goizean Irunen. Galdeketa eguneko azken xehetasunen berri ematearekin batera, jakinarazi dute goi mailako begiraleak etorriko direla Euskal Herrira, Kataluniatik, Eskoziatik eta Argentinatik.


2018-11-12

Kanta zaharrak dioen bezala, ura bere bidean doa. Hasieran, ibaia ginen, eta, tantaz tanta, itsaso bihurtu gara. Herritarrok sortutako olatua inork espero ez zuen lekuetara iristen ari da. Orain bost urte, Gure Esku Dago sortu zenean, ezinezkotzat genuena posible egin dugu. Datorren igandean, azaroaren 18an, herri galdeketak antolatuko ditugu Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin.

Gaur ere borondateak elkartu gaitu, herri izan nahiak. Herri izan nahi dugulako eta herri bezala erabaki nahi dugulako, ez gara ari lanean soilik gure herri eta hiriei begira. Perspektiba zabalarekin eta aurrera begirako ikuspegiarekin kokatzen ditugu gure galdeketak Euskal Herriko mapan. Eta, ziur gaude, urrats esanguratsua izango dela igandekoa; ekarpen garrantzitsua egingo diogula herri honen etorkizuna erabaki ahal izateko elkarrekin egiten ari garen bideari.

Prozesu honen ondoren, geure herrietan, ezer ez da bera izango. Urteetan iraun duten hamaika horma eraitsi baititugu hilabeteotan, eta beste horrenbeste sasi alboratu. Elkarbizitza praktikara eraman dugu. Ikusi dugu erabakitzeko beharrak batu egitean gaituela, adin, pentsamolde eta jatorri anitzetako herritarrak; eta sentitu dugu batzen gaituen horrek indar handia duela. Hain da handia indar hori, datorren igandean, orotara, 2.000 lagun inguru ariko garela lanean bost herri galdeketak posible egiteko. Horrenbeste herritarren artean, galdeketa bat era autonomo eta autofinantzatuan antolatzea garaipen handia da.

Herri galdeketek, gainera, berme guztiak izango dituzte. Batetik, sistema informatiko baten bidez saihestuko ditugu bozka errepikatuak. Eta bestetik, Berme Batzorde bat osatu da, abokatu, legelari eta politologo talde batekin, protokoloa zorroztasunez errespetatzen dela eta galdeketak berme guztiekin egiten direla ziurtatzeko.

Era berean, goi mailako nazioarteko begiraleak izango ditugu gurean galdeketa egunean. Kataluniatik: Elisenda Paluzie, ANCko presidentea, Marcel Mauri, Òmnium Culturaleko presidenteordea, Gabriel Rufián eta Joan Tardá, ERCren diputatuak Espainiako Kongresuan, Aurora Madaula, Junts Per Cataluñako diputatua Kataluniako Parlamentuan, Aina Delgado, CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea eta Jaume Lopez, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea. Eskoziatik: Shona McAlpine, Independence Convention-eko idazkari eta nazioarteko ordezkaria. Eta Argentinatik: Julieta Gaztañaga, antropologoa, ikerlaria eta irakaslea.

Bozka aurreratua martxan da urriaren 29az geroztik, egunean bertan botoa eman ezingo dutenentzat. Egun handia, ordea, azaroaren 18a izango da. Gaur deialdi ireki eta zabala egin nahi diegu gure herrikide guztiei hitza hartu eta ariketa demokratiko honetan parte hartu dezaten. Datorren igandeko galdeketekin, demokraziak irabaziko du, denok irabaziko dugu! Urrats kolektibo honetan, zure pausoa ezinbestekoa da. Ez zaitez etxean gelditu, bozkatu galdeketan!

Gure Esku Dago Twitter-en