Gure Esku Dago logo

Azaroaren 5ean galdeketak egingo dira 13 herritan

Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion Euskal Herriaren etorkizunaz hitza emango diete herritarrei hilabete exkax barru.


2017-10-10

Olatuz olatu, estatus politikoari buruz erabakitzearen aldeko milaka eta milaka borondate pilatu ditugu azken urteotan. Hain zuzen, 155.000 herritarrek hartu dute hitza Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan, hegoaldeko 165 herritan egin diren galdeketetan.

Datorren azaroaren 5ean Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 herri batuko dira olatura eta 160.000 biztanle bizi diren eremuan galdetuko du Gure Esku Dagok estatus politikoaz, herrietako dinamiken eskutik. Gaur arte herri galdeketa antolatu dutenetatik handiena izango da Getxo, ia 80.000 biztanleekin. Eta, zalantzarik gabe, olatu honetan salto kualitatibo garrantzitsua egingo da.

Urtebete daramate lanean, bataz beste, ehunka boluntariok galdeketa batek eskatzen duen prozesua bideratzen: ehundu, adostu eta erabaki faseetan oinarrituta. GEDren herri galdeketetarako protokoloak eskatzen duen herritarren sinadura kopurua jaso dute herriz herri, dinamika parte hartzaileen bidez galderak adostu dituzte eta galdeketaren alor teknikoa zorroztasunez lantzen ari dira egunotan, herri bakoitzak dituen baliabideekin kanpaina egiten duten bitartean.

Hautetsontziak kalera atera eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea, normaltasunez. Hori dute helburu antolatzaileek. Herriz herri, demokrazian sakontzeko tresna baitira herri galdeketak.

Gure Esku Dago Twitter-en