Gure Esku Dago logo

Torrak dei egin du igandeko galdeketetan parte hartzera: “Hunkigarria da ikustea nola jendea mobilizatzen den hautetsontzi batzuen inguruan"

Gure Esku Dago-k gonbidatuta, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak hitzaldi bat eman du Donostiako Kursaal jauregian. 1.500 lagun inguruk txaloka hartu dute Torra, eta elkartasuna adierazi diete espetxean nahiz erbestean dauden preso politiko katalanei.


2018-11-14

Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak gogora ekarri du erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak azken bost urteotan eginiko ibilbidea: “Zein zen duela bost urte hemen zegoen egoera? Sinetsita geunden ezin genuela elkarrekin pausorik eman. Esango didazue zer etorkizun izango genukeen jarrera horrekin. GEDek 2013ko ekainean erronka handi bat jarri zuen, 123 kilometroko giza kate bat egitea. Horrek behartu gintuen, herriz herri, elkarrekin lanean jartzea, elkar ezagutzea, konplizitateak sortzea, errezeloak gainditzea. Hor hasi ziren gure harresiak erortzen”.

Igandean, galdeketak egingo dituzte Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin. Galdeketek eginiko bidea balioetsi du Oiarbidek: “Esan ziguten galdeketak egiteak gizartea zatitzen zuela, liskarra sortzen zuela. Konturatu gara gezurra dela; demokrazian gero eta gehiago sakontzen duten gizarteak ez dira zatitzen, gero eta kohesionatuagoak dira, gero eta helduagoak”. 1.229.000 laguneko eremura iritsi da galdeketen prozesua; 200.000tik gorak hartuko dute parte. “Normala den hori konkistatzen ari gara”.

Oiarbidek azpimarratu duenez, “demokrazia sendoetan ez da erabakitzeko eskubideaz hitz egiten; demokrazia sendoetan, zuzenean erabaki egiten da”. Ildo horretan, esan du ez dela “normala herri oso baten borondatea epaitzea”: “Zilegi da independentziaren kontra egotea, baina ez hautetsontzien kontra egotea”. Elkartasuna azaldu die preso politikoei eta erbesteratuei: “Ez dituzte hemezortzi buruzagi epaituko, ezta 2,3 milioi herritar ere. Euskal Herriaren eta Kataluniaren aspirazio demokratikoen aurkako epaiketa bat da”.  Amaitzeko, deia egin die eragile politiko eta sozialei, momentuak eskatzen duen herri erantzun bat emateko.

Torrak eskerrak azaldu dizkie euskal herritarrei, emandako babesagatik. 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren balioa azpimarratu du, eta Espainiako Estatuak emandako erantzuna salatu: “Orain badakigu Espainia noraino heltzeko prest dagoen independentzia saihesteko. Galdera da zer egiteko prest gauden katalanok independentzia irabazteko. Espainiako Estatuak Katalunia galdu du jada, baina Kataluniak oraindik bere askatasuna irabazi behar du”.

Azaldu duenez, “independentziaz ahaztea nahi dute, autonomia kudeatzea; ogiaz ahaztea eta apurrekin geratzea nahi dute. Ez apurrik, ez ogirik; guk labea nahi dugu osorik”.

Azkenik, azpimarratu du igandean Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin egingo dituzten galdeketak “oso albiste ona” direla, eta dei egin du parte hartzera:  “Hunkigarria da ikustea nola jendea mobilizatzen den hautetsontzi batzuen inguruan. Hautetsontziak dira herriok dauzkagun eraikuntza masiboko armak”.

Kepa Junkera eta Sorginek kantuan jarri dute aretoa ekitaldiaren amaieran. Els Segadors eta Agure Zaharra abestu dituzte eta ikus-entzuleek elkarri helduta bukatu dute saioa. 

Gure Esku Dago Twitter-en