Gure Esku Dago logo

Quim Torra Generalitateko presidenteak hitzaldia emango du gaur arratsaldean Donostian

Gure Esku Dago herri mugimenduak gonbidatuta, Euskal Herrian da Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea. Arratsaldean Kataluniako egoeraz mintzatuko da Kursaaleko kubo handian, 1.806 pertsonako edukiera duen auditorioan.


2018-11-14

250 eserlekuren faltan, aretoa betetzeko deia egin du GEDek, eta gogorarazi du lekua erreserbatzeko ezinbestekoa dela aldez aurretik izena ematea www.gureeskudago.eus atarian.

Bertaratu ezin direnek zuzenean jarraitu ahalko dute saioa streaming bidez. Eta hedabideek ere aukera izango dute euren webguneetan txertatzeko. Antolakuntzaren arabera, hogei hedabide baino gehiago akreditatu dira hitzaldirako. 

Pilar Kaltzada idazle eta kazetariak aurkeztuko du ekitaldia. Angel Oiarbide GEDren bozeramaileak hitzartze labur bat izango du hasieran, eta ondoren, hitza hartuko du Quim Torra Generalitateko presidenteak. Azkenik, Kepa Junkera eta Sorginek emango diote amaiera saioari, musika eta kantuaz, ikus-entzuleekin batera.

Bestalde, datorren igandean herri galdeketak izango dira Gipuzkoako Donostian eta Irunen eta Bizkaiko Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin. Orotara, 222.000 lagun inguruk izango dute bozkatzeko aukera. Nazioarteko begiraleek parte hartuko dute ekimenean eta, bezperan, hitzaldia emango dute begirale arituko direnetako bik: Elisenda Paluzie ANCko presidenteak eta Marcel Mauri Òmnium Culturaleko presidenteordeak, arratsaldeko 19:00etan Akuariumean.

Gure Esku Dago Twitter-en