Gure Esku Dago logo

Puigdemontek parte hartuko du, bideo bidez, larunbateko ekitaldian

Angel Oiarbide GEDren bozeramaileak gaur goizean eman du Gernikako ekitaldiaren azken xehetasunen berri. Euskal herritarrei deia egin die “munduari zabalduko dizkiogun irudi ikusgarrien eta mezuaren parte” izan daitezen etzi.


2018-09-27

Sormen eta elkarlan prozesu baten ondoren, amaitu berri dugu Picassoren “Gernika” koadroaren mural erraldoia. 100x50 metroko margo sinbolikoa osatu dugu auzolanean; sateliteetatik ikusteko modukoa, mundu osoan ikus dadin. Mezua mundu osora iritsi dadin: asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoak behar ditugu.

Urriaren 1eko erreferenduma gogoratzeko elkartuko gara guztiok larunbatean, euskal herritarron askatasunaren, bakearen eta demokraziaren sinbolo den Gernikan. Euskal Herriaren historian orbain beltz bat da Gernikako bonbardaketa baina, bakearen ikur bilakatu dugu. Kataluniako erreferendumak ere marka sakona utzi du, baina kultura demokratiko berri baten mugarria izan da.

Hain zuzen ere, indarkeriaren gainetik eta Espainiako estatuaren errepresioa salatuz, urriaren 1aren izaera demokratiko, baketsu eta eredugarria aitortu nahi dugu. Demokrazia, bakea eta askatasunaren alde lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten herritarren duintasuna txalotu nahi dugu, eta preso politikoei, exiliatuei eta errepresaliatuei eta haien senideei elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Elkarrekin. Eta hori guztia ekitaldi politiko eta kultural oso berezi batekin egin nahi dugu, uneak eskatzen duen mailako oihartzuna izan dezan elkartasun keinu honek.

Kataluniako eta Euskal Herriko eragile sozial eta politikoetako ordezkariak izango dira Gernikan. Ekitaldiak kutsu politiko eta kultural handia izango du eta gaur, ohore handiz, esan dezakegu Carles Puigdemont-ek parte hartuko duela ekitaldian, bideo bidez. Larunbatean, berriro ere erakutsiko dugu herrion arteko elkartasunak ez duela mugarik, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko lotura inoiz baino indartsuagoa dela eta demokraziaren bidea, erabakirako bidea, elkarrekin egiteko borondatea dugula.

Joan den urtean Bilboko kaleak bete genituen. Aurten Gernikatik bidaliko dugu mezua. Ez soilik Kataluniara, baita mundu osora ere. Kataluniari elkartasuna adierazteko eta demokraziaren aldeko defentsa egiteko gune bilakatuko da etzi mural erraldoia. Munduari zabalduko dizkiogun irudi ikusgarrien eta mezuaren parte izan daitezera deitu nahi ditugu gaur euskal herritar guztiak. Larunbatean, denok Gernikara!

Gure Esku Dago Twitter-en