Milaka lagunek erabakitzeko prest daudela aldarrikatu dute Bilbon

Milaka herritarrek parte hartu dute Gure Esku Dagok deitutako mobilizazioan. Galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatu eta Herritarron Itunaren oinarriak aurkeztu dituzte.


2017-06-14

Gure Esku Dagok ‘Erabakitzeko Prest’ lelopean deitutako mobilizazioarekin milaka lagunek egin dute bat gaur arratsaldean eta Bilboko Eliptika eta Euskadi plazen arteko ibilbidea jendez bete dute galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatuz. Ainhoa Vitoria, Galder Perez eta Julen Telleria izan dira ekitaldi osoa girotu dutenak.

17:30etan abiatu da hautetsontzi erraldoia, galdera ikurraren puntutik Euskadi plazara Nafarroako kideen eskutik, beraiek baitira hurrengo igandean, ekainaren 18an, galdeketen lekukoa hartuko dutenak. Ordu erdi inguruan iritsi da hautetsontzia Euskadi Plazara, eta, oholtzan ipintzearekin batera, ekitaldiari hasiera eman diote Ainhoa Vitoria eta Julen Telleria aurkezleek.

Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidentea izan da lehena hitza hartzen. “Hau ez da banderen kontua, guztion artean gizarte justuago bat eraikitzea baizik”. Babesa eta elkartasuna adierazi dizkie euskal herritarrei: “Ziur gaude euskaldunek ere posible izango duzuela erabakitzea. Ez etsi, hautetsontzien ordua da.”

Jarraian, Gure Esku Dagoren bozeramaile Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasi eman diote hitza aurkezleek. Gogora ekarri dute Gure Esku Dago helburu batekin sortu zela: “Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea”. Erabakitzeko baldintza egokiak sortzeko, korapiloak askatu eta adostasun zabalak lortu beharko direla gehitu dute. Horretarako, Herritarron Ituna tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute eta bi konpromiso zehatz jendarteratu dituzte:

1. Gure esku hartzen dugu erabakitze prozesuak behar dituen baldintzak sortzeko eta garatzeko ardura eta, eragileekin eta erakundeekin batera, parte hartu eta ekarpenak egiteko konpromisoa, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki arte.

2. Gure etorkizun politikoari buruzko eztabaida publiko, plural eta gardena beharrezkotzat jotzen dugu, eta, ondorioz, gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira, azken batean, herritarrok gure estatus politikoari buruz zuzenean erabaki nahi dugulako, ezein aukerari uko egin gabe.

Ekitaldiaren amaieran Lorea Agirrek Herritarron Itunaren izpiritua edo esentzia jasotzen eta laburbiltzen duen poesia irakurri du Eneritz Albizu Azpeitiako Gure Esku Dagoko kideak. Ondoren, eta mobilizazioari itxiera emateko, Euskadi plazan bildutako milaka herritarrek Gure Esku Dagoren kantua abestu dute aurkezleen laguntzarekin batera.

Gure Esku Dago Twitter-en