Gure Esku Dago logo

Lehen eta azken katebegiak

Paulo Muñoa izango da igandeko giza kateko lehen pertsona; GEDko kidea eta diruzaina dinamikaren hastapenetatik. Aroa Arrizubieta, aldiz, Eusko Legebiltzarraren atarian kokatuko da, bera izango da azken katebegia; emakume, gazte eta bertsolari arabarra. 78 urteko gizona eta 16 urteko emakumea izango dira, beraz, lehen eta azken katebegiak. Gaur biek agerraldia egin dute Donostian.


2018-06-08

48 ordu besterik ez dira geratzen egun handirako. Igandeko giza katea historikoa izango da, mugarri bat izango da erabakiaren bidean. Euskal Herriaren historian orri berri bat idazten ari gara, hurrengo belaunaldiek euren liburuetan harrotasunez azpimarratuko dituzten hitzak. Ez dugu nahi idatzita datorkigun etorkizunik. Etorkizuna guk geuk idatzi nahi dugu. Guk geuk eraiki nahi dugu. Elkarrekin. Eta igandean, hain zuzen, hori irudikatuko dugu: duintasunean, bizikidetzan, erabakian eta demokrazian oinarritutako herri bat, gizarte bat.

Ez dakigu igandekoa errepikatuko den, baina badakigu ahaztezina izango dela. Ordu erdi bakarrik izango da, baina gauza asko erakutsiko ditugu 30 minutu horietan: herri oso bat mugimenduan, erabakitzeko eskubidearen aldeko milaka eta milaka herritarron borondatea. Erabakitzeko arrazoiak, eta etorkizuna elkarrekin eraiki nahi duten herritar ahaldunduak.

Gutako bakoitza katebegi bat izango da giza katean eta guztion artean ziklo berri bat irudikatuko dugu. Igandean lehen eta azken kilometroetan egongo gara Paulo eta biok. Lehen eta azken pertsonak izango gara. Hasiera eta amaiera. Amaiera eta hasiera. Donostiatik hasi, Bilbotik pasa eta Gasteizera arte, 201,9 kilometrotan gure eskuak batuko ditugu. Eta lehen kilometrotik azkenera arte euskal herritarron indarra, ilusioa eta gaitasuna sentituko ditugu.

Duela lau urte gaurko egunez ekin genuen bidea berretsiko dugu igandean. Harro gaude gaur arte egindako bideaz. Baina aurrera begiratzen dugu, ilusioz eta determinazioz. Inoiz baino arrazoi gehiago ditugu erabakitzeko. Eta ziur gaude, elkarri eskua emanda lortuko dugula helburura iristea. Gure etorkizuna erabakitzea. Ez gara olatuen zain egongo. Olatua guk geuk sortuko dugu! Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar uholdea izango da igandekoa. Uholde geldiezina. Gure esku dago!

Gure Esku Dago Twitter-en