Gure Esku Dago logo

Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan entregatu du GEDek

Euskal herritarren erabakitzeko arrazoien bilduma talde parlamentario guztiei banatzeko eskaera egin du: “ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa da”.


2018-10-25

Joan den ekainaren 10ean, 175.000 herritarrek giza kate erraldoia osatu genuen, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz. Mobilizazio horrek adierazten du erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak gehiengoaren sostengua duela gure gizartean. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko konpromisoa oso sendoa da.

Konpromiso hori arrazoiz beteta dago. Giza katea antolatzearekin batera, ekimen bat jarri zuen martxan Gure Esku Dagok herritarrek erabaki nahi izateko dituzten arrazoiak biltzeko. Hausnarketa eta ariketa erabat herritarra izan zen, eta mila lagun baino gehiagok parte hartu zuten herriz herri antolatu genituen dinamiketan. Guztira, 2.019 arrazoi bildu dira dokumentu batean, gaika sailkatuta. Hain zuzen ere, gaur ofizialki Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura ekarri dugun Herritarron Ituna, 2.019 arrazoi erabakitzeko izeneko dokumentuan.

Herritarrek arrazoiz bete dute erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Oso dokumentu interesgarria da, herritarron konpromiso eta borondatearen isla den heinean. Uste dugu ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa dela. Horregatik, ekarri dugu parlamentuetara eta eskatu dugu ale bana ematea talde parlamentario guztiei.

Giza katearen mobilizazioak eta 2.019 arrazoien bildumak adierazten dute 2019. urtean erabakiaren aroa ireki ahal dugula; aukerak badaudela eta herritarroi dagozkigun ardura eta konpromisoak geure gain hartzeko prest gaudela. Gure Esku Dagoren ustez, orain da momentua herritarren 2.019 arrazoi horiei bide emateko, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideak adosteko. Erakundeek eta herritarrok esku artean dugun erronka da hurrengo belaunaldiarentzat erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizuna eraikitzea, askeago eta burujabeago izateko Euskal Herri osoan.

Gure Esku Dagok balio handia ematen dio Eusko Legebiltzarrean autogobernu ponentzian oinarrien inguruan lortutako akordioari, erabakitzeko eskubidea jasotzen duelako eta erakundeen eta giza katean mobilizatu ziren herritarren arteko sintonia erakusten duelako.

Orain da unea erabakitzeko eskubidea ardatz duen estatus politikoaren bidea jorratzeko. Herritarrok ezinbestekoak gara bide horretan.

Gure Esku Dagoren ustez, Nafarroa Garaian ere, erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizun politikoa eraikitzen hasteko garaia da. Datorren legegintzaldiari begira, estatus politikoari buruzko eztabaida instituzional eta sozialari bide ematea eginkizun nagusietako bat izango da.

Ziur gaude herritarrek, gehien-gehienek, bederen, etorkizunaren jabe izan nahi dutela, estatus politikoa erabaki nahi dutela, libre eta demokratikoki. Horregatik, nahi horri bide eman behar zaio. Heldu beharreko erronka kolektibo bat da.

Azkenik, gogoratu nahi ditugu datorren azaroaren 18an, Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin egingo diren herri galdeketak. Ariketa demokratiko garrantzitsuak dira, herritarrak ahalduntzeko balio dutenak. Eta, aldi berean, gure herriaren etorkizuna erabakitzeko balioko duen erreferendumari begira, entsegu garrantzitsuak dira. Gainera, lehen aldiz, Euskal Herriko hiriburu batean antolatuko da estatus politikoari buruzko galdeketa. Gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria eskatzen du erronkak eta, norabide horretan, pauso esanguratsua dela uste dugu, aurrera begira sor daitezken agertokiei begira.

Herritarrok, zain egon gabe, eraiki nahi dugun etorkizunera pausoak ematea ahalbidetzen dutelako, azaroaren 18ko galdeketetan parte hartzera animatzen ditugu hiri eta herri hauetako herritarrak. Erabakiaren bidean urrats eraginkorrak egiteko unea da.

Herritarron Ituna osorik irakurgaihttps://labur.eus/7JZsX

Gure Esku Dago Twitter-en