Gure Esku Dago logo

Hautetsontziak iritsi dira Donostiara

Azaroaren 18ko galdeketarako bozka aurreratuari hasiera emango diote bihar Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin. Gaur ekitaldi jendetsua egin dute Donostian; hiriko eragile sozial, kultural eta politiko ugarik babestu dute ekimena; bertan izan dira, besteak beste, Andoni Etxebeste Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea eta Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari orokorra.


2018-10-28

Gure Esku Dagok 2019 erabakitzeko arrazoien bilduma entregatu du aste honetan Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Herritarron Ituna deituriko dokumentu horrek argi islatzen du euskal herritarron erabakitzeko nahia, ilusioa eta konpromisoa; baina, arrazoi horiek guztiek, batez ere, erabakitzeko beharraren adierazle dira.

Behar horri erantzunez, erabakitzeko eskubidea gauzatuz, eraiki nahi dugu etorkizuna herritarrok. Eta argi dugu gure ardura ere badela norabide horretan pausoak ematea.

Azaroaren 18an, Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin hautetsontziak kalera aterako ditugu. Garrantzia handiko ariketa demokratikoak izango dira galdeketa horiek, herritarrak ahalduntzeko balio dutelako, eta, aldi berean, entsegu garrantzitsuak direlako gure herriaren etorkizuna erabakitzeko balioko duen erreferendumari begira.

Gainera, azaroaren 18an aitzindari izango gara, Donostia izango baita hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua. Gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria eskatzen du erronkak eta, beraz, loteslea eta ofiziala izango ez bada ere, pauso esanguratsua eta eraginkorra dela uste dugu, aurrera begira sor daitezken agertokiei begira. Beste behin erakutsiko dugu herritarrok garela etorkizunaren protagonistak.

Hiru aste besterik ez dira geratzen kontsulta egunerako, baina bide luzea egin dugu aurretik; ia urtebete pasatu da dagoeneko Donostia Galdeketa plataforma sortu genuenetik. Herri galdeketen protokoloa jarraituz, hiru urrats nagusi egin ditugu galdeketaren bidean;

Lehenik eta behin, prozesua hasi aurretik, 9.500 sinadura jaso genituen, 9.500 donostiarren babes zuzena; ondoren, galdera adostu dugu prozesu zabal eta parte hartzaile baten bidez; eta, azkenik, buru-belarri galdeketa eguna bera antolatzen ari gara.

Donostiako hamalau auzotara daramatzagu gaur hemen jasotako hautetsontziak: Amara, Amara Berri, Aiete, Alde Zaharra, Altza, Antiguo, Añorga, Bidebideta, Egia, Erdialdea, Gros, Intxaurrondo, Loiola eta Martutenera. Eta gehiago ere izango dira azaroaren 18an, guztira, 37 hautesleku zabalduko baititugu hiri osoan barrena. Galdera bati erantzuteko aukera eskainiko dute hautetsontziok: ‘nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?’.

150.000 donostiar inguruk izango dute etorkizun politikoari buruzko iritzia emateko aukera, herritarrek herritarrei galdetuta. Eta galdera horri botoaren bidez erantzutera animatzen den orok bat egingo du jada 203 herritan botoa eman duten 189.000 herritarrekin. Gure Esku Dagok 2016an abiatutako kontsulta zikloari segida eta bultzada berri bat ematera goaz, herri ekimenez.

Hain justu, herritarrok galdetuko diegu herritarrei zein iritzi duten erabakitzeko eskubideaz. Bihar instituzioek galdetu diezaguten, erakutsi nahi dugu galdera horri erantzuteko prest dagoen jendetza dagoela. Galdetze hutsarekin, hautetsontziekin batera, plazara aterako dugu estatus politikoaz gogoeta egiteko beharra.

1.000 lagunetik gora beharko ditugu galdeketa posible egiteko eta gaurko agerraldia baliatu nahi dugu boluntario izen ematera animatzeko gure herrikideak. Erabakiaren bidean mugarri garrantzitsu bat jartzera goaz. Elkarrekin. Azaroaren 18an Donostian posible izango dena, etorkizunean Euskal Herri osoan posible izan dadin.

Lagunok, hasi da Donostiako galdeketal. Bihartik aurrera, bozka aurreratua abian da! Hitza hartzeko unea da. Etorkizuna gure esku dago!

Gure Esku Dago Twitter-en