Gure Esku Dago logo

Gernikatik mundura, demokraziaren aldarria

“Mundu osoaren aurrean adierazi nahi dugu herrien askatasun eta burujabetza asmoak pizturik daudela”


2018-09-29

Iazko irailean, hamabost egunetan, Bilbon, milaka lagun bi aldiz irten ginen kalera, Kataluniako erreferenduma babestera kaleratu ginen. Argi izan genuen ariketa demokratiko hura  babestu behar zela, herritarren nahia bozkatzea zela, eta botoa emateko aukera bermatu behar zela.

 

Urriaren 1ean, milaka euskaldun Kataluniako bozkalekuetan izan ginen, lekuko eta babesle. Ez zaigu inoiz ahaztuko ikusitakoa, jendearen determinazioa, kemena, bozkatzeko ilusioa, antolatzeko gaitasuna, indarkeriak sortutako amorruari aurre egiteko gaitasuna,… Ahaztezina. Urriaren 1a mugarri historiko bat da demokrata guztientzat.  

 

Mugarri hori posible egin zuten guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu. Eta eskertzarekin batera elkartasuna erakutsi ere, bereziki espetxean edo erbestean zaudenentzat. Aske nahi zaituztegu, eta aske ikusi arte, jarraituko dugu elkartasunaren oihala ehuntzen. Etorkizuna hobea izango baita herrien arteko elkartasunaren gainean eraikitzen bada. Ez zarete sekula bakarrik egongo. Besarkada handi bat guztiontzat.

 

Urriaren 1a mugarri historikoa da demokrata guztiontzat. Egun gogoangarria eta ahaztezina. Horregatik, gure eskerrik beroena adierazi nahi dizuegu posible egin zenuten guztiei. Besarkada handi bat bereziki, espetxean eta exilioan daudenei. Libre nahi zaituztegu. Konpromiso osoa dugu elkartasuna ehuntzen segitzeko aske izan arte. Behin ere ez zarete bakarrik egongo. Zuekin gaude. Besarkada erraldoi bat.

 

Gaur Gernikan elkartu gara, leku sinbolikoan. Euskal populuaren askatasunaren sinboloa, bakearen sinboloa, demokraziaren sinboloa, eta elkarbizitzaren sinboloa. Margo sinbolikoa osatu dugu auzolanean, erraldoia, sateliteetatik ikusteko modukoa, mundu osoan ikus dadin. Horrekin batera, mezu bat zabaldu nahi dugu. Itxaropen mezu bat.

 

Herritarrok aske sentitu nahi dugu. Askatasun egarria dugu. Herri gisa, kolektibitate gisa ere. Aske sentitu nahi dugu, menpekotasunik gabe. Aske, erabakitzeko. Herri gisa erabakitzeko, kolektibitate gisa erabakitzeko.

 

XXI mendean, askatasuna eta erabakia elkar loturik dauden kontzeptuak dira. Askatasuna erabakitzea da. Eta, demokrazian, erabakitzea askatasun eta burujabetza maila handiagoak eskuratzea da.

 

Esan daiteke urriaren 1eko erreferenduma askatasun oihu ozen bat izan zela. Mundu osoan entzun dena, eta ezin dena inolaz ere isilarazi.  Ezta gezurrarekin ere. Ez dute inolaz ere isilaraziko askatasun oihu hori. Ez gezurretan oinarritutako prozesu judizialekin, ez kartzelarekin, ezta zigorrekin ere.

 

Joan den urriaren 1ean, bi milioitik gora lagunen bozkatzeko hautua debeku eta indarkeriarekin geldiarazi nahi izan zituztenek helburu nagusi bat izan zuten: demokrazia suntsitzea, demokrazia katalana suntsitzea. Baina ez zuten lortu. Demokrazia herritarra gailendu egin zen. Demokrazia nagusitu egin zen. Eta argi bilakatu zen. Orduan piztutako argia ez da itzali. Piztuta jarraitzen du. Horregatik margotu dugu horiz Picassoren ‘Gernika’ koadroan lanpara handia, herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa. Itxaropenez.

 

Gernika-Lumotik, askatasun, bake eta demokraziaren sinbolo den herri honetatik, mundu osoaren aurrean adierazi nahi dugu herrien askatasun eta burujabetza asmoak pizturik daudela, izan katalan herria, korsikar herria, kanak herria, eskoziar herria edo euskal herria.

 

Ozen esan dezakegu: euskaldunok eta katalanek, demokrazia eta burujabetzaren aldeko konpromisoa eta mundu justuago baten aldeko gogoa konpartitzen dugu. Bidelagun gara. Elkar lagunduta, bidea samurrago egingo dugu, eta urrutiago iritsiko gara. Gure Esku Dagon, elkartasun hori piztuta mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, burujabetza eta demokraziarako bidea argitu diezagun.

 

Demokraziaren argi sinbolikoa eskutan, euskal lurraldeetan, erabakiaren bidean aurrera egiteko deia egin nahi dugu gaur. Denon artean, inor alboratu gabe. Elkarrekin. Eztabaida sustatuz. Anbizioz, geure buruari mugarik jarri gabe. Eta, noski, herritarrei azken hitza emanez. Eta ez, ez diogu beldurrik herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeari. Ez diogu beldurrik askatasunari. Zabal dezagun erabakiaren bidea, eta gure etorkizuna erabakiz askeago izan gaitezen.

Gure Esku Dago Twitter-en