Gure Esku Dago logo

Gernikatik munduari mezua: "Askatasuna erabakitzea da"

Irailaren 29rako ekitaldi "berezi eta historiko" bat iragarri du Gure Esku Dagok, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenaren harira.


2018-09-18

Kataluniako erreferendumaren urteurrena izango da datorren urriaren 1ean. Nekez ahaztuko dugu egun hura. Batetik, Kataluniako herritarren determinazioa, ahalduntzea eta jarrera baketsu eta demokratikoa datozkigu gogora. Bestetik, bozkatu eta euren etorkizuna erabaki nahi zuten herritarren aurka Espainiako estatuak erabilitako indarkeria eta errepresioa.

Urtebete ondoren, Gure Esku Dagok urriaren 1eko erreferendumaren garrantzia azpimarratu nahi du, eta demokrazia, bakea eta askatasunaren alde lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten herritarren duintasuna txalotu. Era berean, uste dugu unea dela herritarron asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoen beharra nabarmentzeko; izan Katalunian, Eskozian zein Euskal Herrian.

Urriaren 1a baino bi egun lehenago, irailaren 29an, ekitaldi bat antolatuko dugu Gernikan, demokraziaren defentsan eta Kataluniari, preso politikoei, exiliatuei eta errepresaliatuei eta haien senideei elkartasunez. Gure Esku Dagoren, Gernikako Udalaren eta bertako eragile sozialen arteko elkarlanaren fruitu izango da ekitaldia.

Aipatutako eragileen eta Gernikako bizilagunen artean obra kolektibo bat sortzeari ekingo diogu datozen asteetan eta hilaren 29an borobilduko dugu, kutsu artistiko eta politiko handiko ekitaldi berezi batekin. Bi helburu nagusi izango ditu ekimenak: batetik, Gernikan batu nahi ditugu Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak zein oinarrizko errebindikazio honekin bat egiten duten herritarrak, eta, bestetik, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta urriaren 1eko erreferendumaren dimentsio politikoa nazioartera zabalduko ditugu, era ikusgarri batean.

Edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua zabalduko dugu Euskal Herriaren askatasunaren ikur den leku sinboliko honetatik, Gernikatik. Bi aste barru hemen ikusiko dugun irudia sormen eta elkarlan prozesu baten emaitza izango da eta ahalik eta zabalena izatea nahi dugu. Horregatik, ekitaldi ireki, berezi eta historiko honetara gonbidatzen ditugu euskal herritar guztiak. Iaz Bilboko kaleak betez bidali genituen elkartasun besarkadak Kataluniara. Aurten Gernikan egingo dugu bat guztiok Kataluniara ez ezik, mundura ere zabaltzeko mezua: askatasuna erabakitzea da. 

Era berean, agerraldi hau baliatu nahi dugu besarkada handi bana bidaltzeko gure ANC eta Omniumeko lagunei, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarti, eta 11 hilabete espetxean egin dituzten honetan, haien eta preso politiko, exiliatu eta errepresaliatu guztien askatasuna aldarrikatzeko. Katalunia, zuekin jarraitzen dugu. Seguim amb vosaltres.

Gure Esku Dago Twitter-en