Gure Esku Dago logo

Etorkizuna nafarron esku

Nafarroako armarria irudikatu dute 1.000 lagunek erabakitzeko eskubidearen alde Iruñean


2018-05-20

Erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren aldeko aldarria kalera atera dute gaur goizean 1.000 nafar baino gehiagok. Elkarri eskua emanda eta irrifartsu, Nafarroako armarria irudikatu dute Iruñeko Gaztelu Plazan. “Erabakitzeko eskubideari heldu diogu, erabakitzeko eskubidea bultzatzea, burujabetza, elkarbizitza, demokrazia eta berdintasuna bultzatzea delako” adierazi dute Aitor Urrutia eta Miriam Mendikutek. Era berean, ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko deia egin dute.

 

Adierazpena

Nafarroa Garaiko herritarrok kalea gureganatzea maite dugu. Azken hilabeteotan, arrazoi anitz tarteko, mobilizatzeko gogoa, beharra eta indarra adierazi dugu: mugimendu feministak deituriko mobilizazioetan, pentsionistek antolatutakoetan, Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeetan, Altsasuko auziaren harira egindako manifestazioetan… Hamaika arrazoi kalera irteteko. Milaka herritar kaleetan, eskubideen defentsa ardatz.

Gaur ere plazara jalgi gara. Mosaiko bat osatzera atera gara, eta osatu dugu. Nafarroako armarria irudikatu dugu. Nafarroako burujabetzaren ikurra irudikatu dugu. Burujabetza maite dugulako. Hemen gaudenok eta nafarren gehiengoak ere. Izan ere, nork ez du nahi Nafarroa burujabe bat? Nork ez du nahi nafarrok gure etorkizuna erabakitzea?

Nafarroako armarria iraganetik badator ere, gu etorkizunari begira gaude, etorkizuna irabazi nahi dugu, guretzat eta gure seme-alabentzat. Hormak eta harresiak ez ditugu maite, elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatu nahi dugu.

Etorkizuna hautatze aldera, erabakitzeko eskubidea jorratzea da gure bidea. Erabakitzeko eskubideari heldu diogu, erabakitzeko eskubidea bultzatzea, burujabetza, elkarbizitza, demokrazia eta berdintasuna bultzatzea delako. Eta, ekainaren 10ean, erabakitzeko eskubidea bultzatzeko aukera ezin hobea dugu: giza katea. Herritarrek eskuz esku osatutako 201,9 kilometroko kate luze hori ekimen ederra izango da berriro ere. Parte har dezagun! Hamaika arrazoi ditugulako elkarri eskua emateko. Elkarri eskua emanda senti dezagun posible dela amesten dugun bestelako etorkizun hori elkarrekin eraikitzea.

Erabakitzeko borondateak elkartzen gaitu. Hamaika eratara adierazten ari gara azken aldian. Adibidez, herri galdeketen bidez. Dagoeneko, guztira,  203 herritan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak. Guztira, 830.000 lagunek izan dute bozkatzeko aukera eta ia 200.000 lagunek parte hartu dute. Nafarroan, 47 herritan ia 10.000 lagunek bozkatu dute. Beraz, erabakiaren bidean, etorkizuna nafarron esku jartzeko bidean, pauso garrantzitsuak ematen ari gara. 

Erabakitzea maite dugu, denaz erabakitzea, herritar burujabe gisa. Eta ziur gaude: gure etorkizuna erabakitzera goaz! Bada garaia. Gure etorkizuna erabakitzea da gaur egungo erronka kolektibo ederrenetakoa. Mugi gaitezen, ilusioz eta irudimenez. Har dezagun bidea, Gure Esku Dago eta!


ARGAZKI GALERIA

Gure Esku Dago Twitter-en