Erabakiaren bideari ekin dio Nafarroak

Nafarroan erabakiaren aroa zabaldu dugu. Ekainaren 18an 7.781 herritarrek burujabe izateko borondatea erakutsi dugu; Euskal Herri osoan, jada, 150.000 baino gehiagok.


2017-07-04

Urtebeteko prozesuaren ondoren, hitza hartu dugu gure etorkizun politikoaren inguruan. Eta ate hori herritarrok ireki dugu, gure eskubideen jabe eginez, prozesu zorrotz bezain emankor baten bidez.

Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko, eta gaur, hamaika boluntarioren laguntzarekin, herri galdeketak posible egin ditugu.

Gaur erakutsi dugu Nafarroan ere badela borondate eta konpromisorik erabakiaren bideari ekiteko. Ezina ekinez egiten delako. Horregatik, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki. Gaur pauso bat hurbilago gaude atzo baino helburu horretatik. Bide berri bat hasi dugu Nafarroan, jarraipena izango duen itxaropenarekin.

Argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/gureeskudago/albums

Gure Esku Dago Twitter-en