Ekainaren 18ko galdeketetako galderak aurkeztu eta 'Nafarrok burujabe' adierazpena kaleratu dute

Nafarroa Garaiko 24 herritan gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea hilabete barru.


2017-05-21

Ekainaren 18an Nafarroara iritsiko da galdeketen olatua. 24 herrietako ordezkariek atzo egin zuten aurkezpena Iruñeko Kondestablen; galderak iragarri zituzten eta 'Nafarrok burujabe' adierazpenaren bidez, hainbat pertsona esanguratsuk babesa agertu zieten herri galdeketei.

Nafarroa Garaiko galdeketen aldeko adierazpena

Eskuz esku, elkarri eskua emanda, 2014ko ekainaren 8an, milaka eta milaka lagunek Durango eta Iruñea lotu genuenean, aro berri bat irekitzeko gogoa eta ilusioa agertu genituen. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aroa ekarri nahi genuen, herritarroi zeregin garrantzitsua zegokigula jabeturik. Herritarron nahia eta ahalmena aro berri horren zutabeak direla konbentziturik.

Gero eta argiago daukagu: herritarrok erabaki nahi dugu. Nola bizi nahi dugun erabaki nahi dugu, zein den gure estatus politikoa erabaki nahi dugu eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Mugarik gabe, menpekotasunik gabe.

Nafarrok muin-muinean sentitzen dugu erabakitzeko borondate hori. Horren premia dugu. Diktadura frankista luzearen ondoren, Nafarroa Garaiaren estatus politikoa Foru Hobekuntzaren bidez zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Gaur egun horrelako egoera bat pentsaezina da. Guk geuk hartu dugu erabakiaren bidea irekitzeko ardura.

Ez da kasualitatea estatus politikoari buruzko lehen herri galdeketa Nafarroan egin izana, Etxarri Aranatzen, bertako herritarren ekimenez, erabakitzeko eskubidea gauzatuz, lezio demokratiko bat eskainiz. Hazi hura emankor gertatzen ari da. Harrez geroztik, 142 herritan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak. Guztiak herritarron ahalduntze prozesu eredugarriak, erabakitzeko nahiaren isla, eta demokraziaren ariketa argiak.

Datorren ekainaren 18an, galdeketen beste olatu bat izango da Gure Esku Dago herri ekimenaren eskutik: Nafarroako 24 herritan

egingo dituzte herri galdeketak, Bortzirietan, Mendialdean eta Sakanan. Datorren udazkenean, Nafarroa Garaiko beste zenbait herritan ere gauzatuko dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak.

Adierazpen hau sinatzen dugunok adierazi nahi diegu gure sostengu osoa Nafarroan egin asmo duten herri galdeketa hauei guztiei. Aukera ezin hobea izango da herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko. Elkarrekin etorkizuna eraikitzen lagunduko dutelakoan gaude. Beraz, animatu nahi ditugu herri hauetako herritarrok ariketa demokratiko hauetan parte har dezaten, gogoz eta ilusioz.

Galdeketen antolaketa alde batera utzita, nafarron erabaki nahia agerikoa eta sendoa da. Nafarroa hobea, askea eta berdintasunezkoa lortzeko baliabide guztiak gure esku izan nahi ditugu. Azken batean, nafarrok burujabe izan nahi dugu eremu guztietan erabaki ahal izateko, gure hautuak eta erronkak aurrera eramateko. Bide horretan urratsak egiteko prest gaude adierazpen hau sinatzen dugunok, eta herritarroi dei egiten diegu bidea elkarrekin egiteko, Gure Esku Dago ekimenak sustatutako herri galdeketetan parte hartuz, erabakitzeko eskubideari buruzko herritarron ituna osatuz, ekainaren 10eko 'Erabakitzeko prest' mobilizazio parte hartzailean esku hartuz, edota norabide bereko bestelako ekimenetan nork bere alea jarriz.

Denoi dagokigu etorkizuna erabakitzea. Denon kontua da, eta denon artean egingo dugu. Gure esku dago.

IRUÑEAN, 2017KO MAIATZAREN 20AN 

ADIERAZPEN HAU BABESTEN DUTE:


Gaizka ARANGUREN Anabel ARRAIZA Gurutze ARREGI Jose Luis ARRIZABALAGA Jorge AZANZA Alberto BARANDIARAN Jose Mari ESPARZA Izaskun ETXEBERRIA Joseba GARMENDIA Manu GOMEZ Gorka IZAGIRRE Irati JIMENEZ Edurne LARRAZA Juan Kruz LAKASTA Hodei MAZKIARAN Aitor MERINO Xabier OLARRA Garbiñe PETRIATI Mirentxu PURROI Dora SALAZAR Mikel SOTO Castillo SUAREZ Mikel TABERNA Gorka URBIZU Enrique ZELAIA Joakina ZUBIRIA 

GALDERAK:

Bortziriak: Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?

Imotz - Basaburua: 1) Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizuna aske erabakitzea? 2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko imoztarra/basaburutarra izan?

Mendialdea: 1) Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea? 2) Baiezkoa bada, nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?

Sakana

Altsasu: Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Arbizu: Nahi duzu Nafarroak gainerako euskal lurraldeekin estatu bat eratzea?

Irurtzun: 1) Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko? 2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko irurtzundarra izan?

Lakuntza: Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Olatzagutia: Nahi al duzu Nafarroa burujabe bateko herritarra izan?

Urdiain: 1) Nahi al duzu herritarrok gure etorkizuna era librean erabakitzea? 2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko Urdindarra izan?

Ziordia: Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?

Gure Esku Dago Twitter-en