Ekainaren 10ean, denok Bilbora!

Olatuz olatu, herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatu ditugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde, erabakitzeko prest gaudela argi utziz. Hain zuzen ere, hori da ekainaren 10ean Bilbon irudikatu nahi duguna. Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko dugu euskal herritarrok.


2017-05-11

Igandeko herri galdeketetan 63.000 lagun mobilizatu genituen erabakitzeko eskubidearen alde, demokraziaren alde, herri honen etorkizuna herritarron esku ere badagoela aldarrikatuz. Gaur arte egin diren herri galdeketa guztiak kontuan hartuta —142—, 146.500 pertsona izan dira parte hartu dutenak; hau da, 2014ko ekainaren 8ko giza katean izan ziren herritarren kopuru bera. Olatuz olatu, herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatu ditugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde, erabakitzeko prest gaudela argi utziz. Hain zuzen ere, hori da ekainaren 10ean Bilbon irudikatu nahi duguna. Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko dugu euskal herritarrok.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak batuta, gaur bildu garen Euskadi plazatik Eliptika plazaraino galdera ikur erraldoia osatuko dugu. Eta herritarrez ez ezik edukiz ere beteko ditugu kaleak. Hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko dugu mobilizazioaren amaiera ekitaldian; Itun demokratiko horrek jasoko ditu Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan gaur arte lortutako adostasunak eta erabakiaren oinarriak. Gizarte osoarentzako tresna ireki bat izateko jaio da, baina baita pauso berri eta sendo bat emateko ere, erabakiaren bidean. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena. Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta sortutako borondatea oinarri, aurrera egiteko abiapuntua izango da.

Dena prest daukagu: Herritarron Itunaren oinarriak, herrietako taldeak, boluntarioak… Baina, konpromisoak bildu nahi dituen gonbidapena da gaur euskal herritar guztiei egiten dizueguna. Hain zuzen, ekimenean parte hartzeko ‘konpromiso txartelak’ jarri ditugu eskura herrietan, 2€-ren truke, ekimena finantzatzeko. Txartel horiekin batera banatuko ditugu mosaikoa osatzeko erabiliko ditugun puxikak. Bideo batean jaso ditugu azalpen guztiak.

Bestalde, mobilizazioari begira, ‘Prest Eguna’-k antolatuko dira herrietan maiatzaren 27ko asteburuan Euskal Herriko herri eta auzoetan. Egun horietan, herri askotan galdera ikurrak osatuko dituzte, ekainaren 10erako deialdia egiteko.

Euskal herritarrok ere nolako egitura politikoak nahi ditugun erabaki nahi dugulako… Erabakitzeko aukera gauza dadin eskatuko dugu elkarrekin, bai guztion artean osatuko dugun galdera ikur erraldoian eta baita mugarri izango den Herritarron Itunean ere. Erabakitzeko prest gaude. Ekainaren 10ean denok Bilbora!

Gure Esku Dago Twitter-en