Gure Esku Dago logo

Donostiako galdeketari doinua eta ahotsa jarri diote dozenaka donostiar ezagunek

Joserra Senperenak sortu eta ekoiztu du kantua eta Harkaitz Canok egin dizkio letrak. Hiriarekin lotura duten kultura eta kirol arloko eragile eta musikari ugarik parte hartu dute abestian.


2018-10-17

Herri kontsultarako hilabete falta dela, Donostia Galdeketa dinamikak “Hatz puntetan” deituriko kantu berria aurkeztu du; eguerdiaz geroztik, sarean dago entzungai. Musikaren eta ahotsaren bidez, galdeketaren aniztasuna eta babes zabala irudikatu du zabaldu berri den bideoklipak.

Hirurogeita hamabost lagunek baino gehiagok hartu dute parte ekimenean: besteak beste, Ramon Agirre, Zuriñe Hidalgo, Xabi San Sebastian, Olatz Salvador eta Xabier Euzkitzek; Koban eta Ze Esatek! musika taldeek; Iker Lauroba, Jose Ignazio Ansorena eta Pako Diaz musikariek… [Zerrenda osoa atxikita]

 

Joserra Senperena: “GEDek mostekoa eman zigun Harkaitz Canori eta bioi”

“Donostiako urriaren 28ko kalejira uztailean hasi zen. Gure Esku Dagok bostekoa eman zigun Harkaitz Canori eta bioi, ‘Hatz puntetan’ kantua sortu, eta berehala bat egiten joan ziren musikariak. Kantuan barruan ere kalejira moduan datoz: danborradaren deia, pop taldea, txistuak, kantariak, haize sekzioa, triki-trixa, txalaparta... bata besteari bide emanez”.

 

Kalejira erraldoia, hautetsontzien iritsiera

Urriaren 28an kalejira erraldoi batek zeharkatuko du Donostiako erdigunea. Hain zuzen, egun horretan iritsiko dira hautetsontziak lehen aldiz Euskal Herriko hiriburu batera. ‘Dantzatu dezagun erabakia’ lelopean, musikaz, dantzaz eta jendez bete asmo ditu kaleak GEDek. 11:30ak aldera hiru zutabe Bulebarrerantz abiatuko dira; Zurriolatik, De Bilbao plazatik eta Vinuesa plazatik.

Auzo bakoitzak bere tramua izango du kalejirako zutabe horietako batean. 12:30ean parte hartzaile guztiak Bulebarrean elkartuko dira, Alde Zaharra gurutzatuko dute eta 13:00etan ekitaldiarekin emango diote amaiera, Kaian. Hautetsontzien iritsierarekin batera, bozka aurreratuaren hasiera iragarriko da egun horretan. Alor anitzetako eragileek parte hartuko dute.

Irunen ere gisa bereko ekimena antolatzen ari dira urriaren 27rako, ‘Goazen hautetsontzien bila’ goiburupean. 17:30ean hasi eta 18:30ean amaituko da, ekitaldi nagusiarekin, Txanaleta plazan.

ABESTIA ETA LETRA

BIDEOKLIPAIKUSGAI

 Informazio guztia: http://www.donostiagaldeketa.eus

Gure Esku Dago Twitter-en