Borondateak pilatzeko unea

Ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egin dute galdeketak burutu dituzten 142 herrietako ordezkariek.


2017-06-03

Dozenaka lagun bildu gara gaur Eibarren. Dozenaka lagun azken urte eta hilabeteetan buru belarri lanean aritu garenak gure herrietan galdeketak antolatzen, gure herritarrei hitza emateko beharrezkoak ziren pauso guztiak ematen, zilegitasun eta berme guztiekin. Eta posible egin dugu; ezinezkoa zirudiena egi bihurtu dugu 142 herrietan. Gaur hemen bildu garenok ordezkatzen ditugun herrietan milaka lagunek demokraziaren eta herritarron burujabetzaren aldeko jarrera erakutsi dute.

Iaz pentsatu ere ez genuen egiten gaur galdeketak egin ditugun herrietan halako prozesu bat martxan jartzea posible izango zenik, ez zegoen baldintzarik. Baldintzak sortu egin ditugu, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eremu oso anitzetara iritsi gara. Horregatik, gainerako herriak ere animatzen ditugu pausoa ematera, herritarrak ahaldunduz kultura politiko berri honen oinarria lantzen jarraitu dezagun eremu berrietan. Izan ere, erabakiak eskatzen duen kultura demokratiko berriaren zimenduak ari gara jartzen. Herritarrok gure etorkizuna irudikatu eta erabakitzeko dugun protagonismoaz eta eta arduraz jabetzen ari gara, adostasuna lortzeko gaitasunak lantzen, borondateak ehuntzen, galderak eta bideak adosten, eta, azkenik, erabakia gauzatzen.

Gure Esku Dago aldarri batekin jaio zen; herri honek bere etorkizun politikoa libreki erabakitzea. Eta praktikara eramaten ari gara herriz herri, modu sinbolikoan bezain zilegian. 2017a amaitzerako, galdeketak eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren eremuetara iritsiko dira. Lorpen itzela da hori.

Gaur gogora ekarri nahi dugu Euskal Herri osoan eskubide demokratiko hau gauzatu dadin, lanean jarraituko dugula, determinazioz eta anbizioz. Gure esku dagoen guztia egingo dugu herri honetan erabakia gauzatu dadin. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu gaur arte 142 herritan.

Ekainaren 10ean Bilbora eramango dugu mezua: erabakitzeko prest gaude eta libreki eta demokratikoki galdetuak izan nahi dugu Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko. Inoiz ikusi gabeko galdera ikur erraldoia osatuko dugu denon artean. Beste mugarri bat jarriko dugu Herritarron Ituna aurkeztearekin batera. Egiten dugun urrats bakoitzak ate bat gehiago zabaltzen baitu erabakiaren bidean. Datorren larunbatean Bilbon bilduko ditugu gaur arte sortutako borondate konpromiso eta ilusio guztiak. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu parte hartu dezaten elkarrekin gure erabakia irudikatuko dugun mosaikoan. Galdeketetan parte hartu duzuen herritarrak, galdeketa antolatzen ari zaretenak eta erabakitzeko prest zaudeten guztiak zita garrantzitsua duzue Bilbon. Ekainaren 10ean, denok Bilbora! Eta Bilbotik mundura! Erabakitzeko prest gaude!

https://www.youtube.com/watch?v=pDb8SyRG-DE&t=1s

Gure Esku Dago Twitter-en