Gure Esku Dago logo

Alkate eta hautetsiak erabakitzeko eskubidearen alde

Euskal Herriko 200 alkate eta udal hautetsi inguru Gernikan bildu dira, Gure Esku Dagoren deialdiari erantzunez. Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestu bat babestu dute eta ekainaren 10eko giza katean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.


2018-05-27

Hego Euskal Herriko lau alkateetatik Gorka Urtaran bertaratu da Gernikara, baina lauek egin dute bat deialdiarekin: Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak.

Atxikita bidaltzen dizuegu aldez aurretik izena eman dutenen zerrenda. Dena den, espero baino hautetsi eta alkate gehiago bertaratu da.

Manifestuaren irakurketa: Idurre Bideguren Bermeoko alkatea (euskaraz) eta Olatz Peon Tolosako alkatea (gaztelaniaz)

MANIFESTUA

Euskal Herritarrok gure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu. Eskubide hori gauzatu dezagun, lan egiteko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu gaur Gernikan bildu garen alkate eta hautetsiok. Sufrimendu handiko aro bat ixten ari gara herri gisa eta etorkizuna gure esku izango den aro berria zabaldu nahi dugu. Demokrazian, askatasunean eta herritarron borondate demokratikoan oinarritutako ziklo berri bat irekitzea dagokigu, eta gure ekarpena egiteko prest gaude norabide horretan.

Orain arteko ezintasunak eta mugak kultura demokratiko eta erabakitzeko gaitasun bihurtu nahi ditugu. Aro berri horretan, egun indarrean dagoen marko juridiko-politikoak ezartzen dizkigun mugak gainditu nahi ditugu. Burujabetzaren bidean tresnak behar ditugu gure etorkizuna elkarrekin eraikitzeko. Egoera honen aurrean, erabakitzeko eskubidearen aldarriak inoizko babesik handiena izan behar du. Epe luzerako bizikidetza bermatzeko, ezinbesteko baldintza baita gure etorkizuna hemen eta guk erabakitzea. Euskal Herrian eta euskal herritarrok.

Etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, ezinbesteko mugarria izango da ekainaren 10a. Horregatik, gaur Gernikan elkartu garen alkate eta hautetsiok ekainaren 10eko giza katean parte hartzera dei egiten dugu. Euskal Herritarron erabakitzeko eskubidearen alde. Etorkizuna dugulako irabazteko. Ekainaren 10ean guk ere eskua emango diogu elkarri.

Gure Esku Dago Twitter-en