Gure Esku Dago logo

84.000 herritarrek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko giza katean

Gutxienez 100.000 lagun behar dira katea etenik gabe osatzeko, baina erronka harago doala adierazi dute antolatzaileek: "Esku artean ditugun datuekin argi dugu igandeko mobilizazioa benetan historikoa izango dela". Zapiak lepoan jarri eta elkarri eskua emateko, mobilizazioan parte hartzera dei egin du Gure Esku Dagok, gaur goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Karmele Olabarrieta, Jone Amonarriz, Alex Zenarruzabeitia eta Andoni Mikelarena GEDeko kideek eman dituzte giza katearen azken datuak.


2018-06-07

Herritarron Ituna (Karmele Olabarrieta)

Igandean osatuko dugun giza katean Herritarron Ituna plazaratuko dugu. Erabakiaren bidean herritarrok bertan, Euskal Herrian, esparru anitzetan erabaki nahi izateko ditugun 2019 arrazoiren bilduma.

Herritarrok motibo ugari ditugu erabaki nahi izateko eta arrazoi horien guztien muinean erabakimena dago, erabakitzeko gaitasuna. Erabakiak batzen gaitu eta, horregatik, aldarri askoren topaleku izango da giza katea.

Igandean, beraz, Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen mobilizazioan erabiliko ditugun zapietan herritarron erabakitzeko arrazoiak erakutsiko ditugu eta datozen asteotan Herritarron Ituna emango diegu herritarrok ordezkatzen gaituzten erakundeei, hala nola, Gasteizko Legebitzarrari eta Nafarroako Parlamentuari.

Ildo honi jarraipena emanez, aurrerantzean herritarron hitzari bide ematea ahalbidetuko duen eta gure estatus politikoa erabakitzeko bideak eta tresnak adostera eramango gaituen Herri Ituna sustatu nahi dugu, eragile politiko eta sozialekin batera. Betiere gure azken geltokira, erabakira begira, erabakitzea baita gure azken helburua.

 

Antolakuntza (Alex Zenarruzabeitia)

Igandean 5.000 boluntariotik gora ariko dira lanean 202 kilometroetan: koordinazio lanetan, segurtasunean, trafikoan, postuetan, autobusetan, komunikazioan... Behin eta berriro azpimarratu nahi dugu pertsona horien guztien lana. Kide horiei guztiei esker izango da posible igandean giza katea osatzea.

Bestalde, 1.000 autobus baino gehiago mugituko dira egun osoan zehar, ia erdiak Euskal Herri kanpotik ekarriak izango dira. Autobus bakoitzak bere ibilbide pertsonalizatua izango du, ilarak sortu ez daitezen eta errepideetan arazorik egon ez dadin. Autobusa izango da garraio bakarra bermatuko duena parte hartzaile bakoitza bere kilometrora eramatea. Kotxeentzako aparkalekuak ere egongo dira, baina puntu jakin batzuetan. Era berean, garraio publikoaren zerbitzua indartu egingo da hainbat tokitan.

Ekainaren 10ean gure lehentasun nagusia segurtasuna izango da. Parte hartzaileen segurtasuna lehenetsiko dugu uneoro. Kontuan hartu behar dugu errepidera aterako garela eta tramu batzuetan ez dela errepidea moztuko. Beraz, parte hartzaileei eskatu nahi diegu kontuz ibiltzeko, segurtasun arau guztiak errespetatzeko eta kasu egiteko antolatzaileei. Igandekoa egun ahaztezina izan dadin nahi dugu eta ezin du ezerk hori zapuztu.

 

Izen-emateak (Andoni Mikelarena)

Gaur gaurkoz 84.000 herritar baino gehiagok eman dute izena giza katean. Eta ziur gaude, azken egunetako tendentziari erreparatuz iganderako 100.000 lagunek izena emango dutela. Ezin dugu ahaztu ordea herritarrok ez gaudela ohituta mobilizazio batean parte hartzeko aurrez izena ematera, eta beraz egun esku artean ditugun datuekin argi dugu igandeko mobilizazioa benetan historikoa izango dela.

Giza katea aurkeztu genuenean esan genuen, zapia tarteko osatuko genuela katea, baina orain erronka zapiak lepoan jartzea da. Erronka 100.000 pertsonez harago doa, askoz gehiago izango baikara. Ibilbidea diseinatu genuenean, irizpide gisa jarri genuen jende gehien bizi den eremuetatik pasatzea. Eremu horietan seguru gaude aurrez izena eman gabeko milaka eta milaka herritar aterako direla kalera, batez ere hiriburuetan. Eta horrela izan dadin nahi dugu, izena eman ez duelako ez dadila inor etxean geratu.

Hala ere, antolakuntza lanak erraztu ahal izateko oraindik izena eman ez dutenei dei egiten diegu webgunearen bidez edo herrietako mahaietara hurbilduz izena ematera. Igandean zapiak lepoan jarri eta elkarri eskua emango diogu. Uneak eskatzen duen neurriko mobilizazioa izango da igandekoa, erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar uholdea.

Gure Esku Dago Twitter-en