63.201 herritarrek eman dute botoa maiatzaren 7ko herri galdeketetan

Parte hartzea %,5-ekoa izan da gaur Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 herritan antolatu diren herri galdeketetan. Jada 146.500 dira gaur arte —2014tik hona— Euskal Herriaren etorkizunaz hitza hartu duten herritarrak; bere garaian giza katean parte hartu zuen jende kopuru bera mobilizatu dute gaur arte herri galdeketek.


2017-05-11

Gaur, 63.000 herritarrek, erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historikoa egin dugu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 herritan, 63.000 lagunek demokraziaren eta herritarron burujabetzaren aldeko jarrera erakutsi dute.

Iaz pentsatu ere ez genuen egiten gaur galdeketak egin dituzten herrietan halako prozesu bat martxan jartzea posible izango zenik, ez zegoen baldintzarik; baldintzak sortu egin ditugu, eta eremu oso anitzetara iritsi gara; Urkabustaiztik hasi eta Eibarreraino, edo Durangotik Zubietaraino.

Aldarri batekin jaio ginen; herri honek bere etorkizun politikoa libreki erabakitzea. Eta praktikara eramaten ari gara herriz herri, modu sinbolikoan bezain zilegian. 2017a amaitzerako, galdeketak eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren eremuetara iritsiko dira. Lorpen itzela da hori.

Datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin. Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Herritarron esku dagoen guztia egingo dugu erabakia gauzatu dadin. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu gaur beste 52 herritan.

Ekainaren 10ean jauzi berri bat emango dugu. Bilbon deitu dugun mobilizazio nazionalean aurkeztuko dugun Herritarron Itunarekin; euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoarekin. Erabakiaren bidean ate berriak zabaltzen ari gara, eta Herritarron Ituna mugarri izango da. 

Gure Esku Dago Twitter-en