28,24-ko parte hartzea izan da Busturialdeko eta Arrigorriagako herri galdeketetan

Gure Esku Dagoko bozeramaile Josu Etxaburu eta Zelai Nikolas-ek herritarren borondatearen, konpromisoaren eta ahalduntzearen balioa azpimarratu dute, Gernikako itxiera ekitaldian. Herri guztietako ordezkariek hartu dute parte.


2017-04-04

Gaur 18 herritan, 45 hautetsontzitan 13.280 herritarrek euren botoa eman dute helburu argi batekin, herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzea.

Nork esango zigun Gure Esku Dago sortu zenean, giza kate baten bueltan 150.000 herritar elkartuko genituenik. Nork esango zigun 2014. urtean Etxarri-Aranatzen herri galdeketa egin zutenean, halako olatua zetorkigunik. Nork esango zigun hiru urtean herritarrok eta herritarrontzat antolatutako herri galdeketa hauek, hain denbora gutxian, halako dimentsioa hartuko zutenik. Eta nork esango zigun, dinamika herritar batek berme guztiak beteaz babes honetako galdeketak antolatuko zituenik hainbeste herritan.

Ezina ekinez egina. Olatuz olatu, eskualdez eskualde, herriz herri, erakusten ari gara herritarron konpromisoak eta borondateak ez duela mugarik. Bizikidetzan sakonduz, galderak adosteko gai garela, elkarri eskua emateko gai garela, etorkizuna gure eskuetan hartzeko, eta hautetsontziak plazaratzeko. Herritarrei hitza emateko gai garela, normaltasunez, berme, legaltasun eta zilegitasun guztiarekin, gure eskubideen jabe eginez, herritar denon alde lanean.                           

Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Herritarron esku dagoen guztia egingo dugu erabakia gauzatu dadin. Ez diezagula inork esan helburuaren izuz bidea ere egiteko gai izan ez ginenik. Ibiliz egingo dugu bidea, erabakiz ikasiko dugu erabakiaren bidea. Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik!

Zorionak Busturialdea eta zorionak Arrigorriaga!

EMAITZAK

Gure Esku Dago Twitter-en