250.000 herritarrek izango dute botoa emateko aukera maiatzaren 7an

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 herritan egingo dituzte galdeketak datorren igandean. Gaur arte 91 herritan eraman dute praktikara erabakitzeko eskubidea eta 300.000 izan dira botoa ematera deituak.


2017-05-02

Euskal Herriaren estatus politikoaz herritarrok hitza hartzeko, lanean ari da Gure Esku Dago herriz herri, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta konplizitateak gehituz. Orain arteko galdeketen olaturik handienak hartuko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 herri maiatzaren 7an.

Olatu honek argi eta garbi erakutsiko du herri galdeketak edonon direla posible, tamaina eta errealitate guztietako lekuetan, tokian tokiko herri borondateak hala ahalbidetzen badu. Emaitza bata ala bestea izan, herritar denon alde lanean ari da dinamika herriz herri, eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida eta pedagogia zabaltzen ari da han eta hemen. Hain zuzen, hori da gure erronken oinarria.

Milaka boluntario ariko dira lanean datorren igandean: herri galdeketak antolatzen, bermatzen, hauspotzen... eta bertako naiz nazioarteko begiraleak etorriko dira; Kataluniako ANCko presidente Jordi Sanchez, besteak beste. Ekitaldi nagusia eguerdian izango da, Durangon.

Herri galdeketetan, herritarrak ahalduntzen ari gara, eta horretan jarraituko dugu; baina euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko adostasun zabalak eraiki behar ditugu. Horregatik Herritarron Ituna lantzen ari gara, erabakitzeko eskubidearen inguruan orain arte landutako printzipioak eta adostasunak biltzen dituen dokumentua. Ekainaren 10eko mobilizazio nazionalean aurkeztuko dugu Herritarron Ituna.

M7 | Herrien zerrenda

Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Mutriku, Soraluze), Durangaldea (Abadiño,Durango, Elorrio, Zaldibar, Zornotza), Lasarte-Oria, Usurbil, Lea-Artibai (Aulesti, Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar), Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Uribe Butroe (Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia), Uribe Kosta (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz), Urola Kosta (Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia) Zeanuri eta Zubieta.

 

 Orain arteko galdeketen datu orokorrak

Herriak: 91
Galdeketara deituak izan diren herritarrak: 301.245
Parte hartzea: 83.350 (%27,66)
Bai: 79.502 (%95,38)
Ez: 2.554 (%3,06)
Zuri: 867 (%1,04)
Baliogabeak: 433 (%0,51)

Gure Esku Dago Twitter-en