Herritarron Ituna, erabakitzeko bidean beste tresna bat gure esku

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas


Aurten, Gure Esku Dago-k lau urte bete ditu Ficoban (Irun) 2013. urtean Euskal Herriari elkarrekin giza kate bat antolatzeko erronkari heldu genionetik. Erronka horri erantzun genion 150.000 herritarrek baino gehiagok urteak iraun duen gatazka politikoa gainditu nahi genuen, gure arteko harresiak gainditu, eta baldintzak sortu gure etorkizuna modu librean erabakitzeko; herri bat garelako; erabakitzeko eskubidea dugulako; eta herritarren garaia delako. Jabetzen ginen zein garrantzitsua zen gure bizikidetzarako libre erabakitzearen inguruko auzi politikoa erronka demokratikoan bihurtzeko gaitasuna izatea. Eta horretan jardun dugu ilusioz eta determinazioz urte hauetan guztietan.

Herritarrok beste inora begiratzeari utzi eta gure esku hartu dugu gure etorkizunaz erabakitzeko behar diren jarrerak eta gaitasunak bereganatzea. Kultura politiko berri baten beharra aldarrikatzen dugu, eta erabakitzeko bideak duen garrantziaz jabetu gara. Aurretik egindakoa hobeto egiten ere saiatzen ari gara.

Herritarrok erabakitzeko ibilbide-orriari gure ekarpena egin ahal izateko hiru ardatzen inguruan ari gara lanean elkarrekin, batzen gaituena azpimarratuz: borondateak ehuntzen eta erabakitzeko borondateak plazaratzen; adosten eta erabakitzen. Arduraz ari gara, herri libre bateko herritar zoriontsuak izan nahi dugulako eta gure ondorengoei bizi baldintza duinak utzi nahi dizkiegulako.

Erabakitzeko eskubidearen alde Europatik martxan dabilen trenera igo gara, Eskozia eta Kataluniarekin batera. Bizi dugun erabakitzeko aro honetan, erabakitzeko ariketak ekarri ditugu herri eta eskualdeetara, eta Euskal Herriko udal laurdenetara jada heldu da erabakitzeko eskubidearen inguruko solasa eta eztabaida, patxadaz eta normaltasun osoz. 150.000 herritarrek baino gehiagok eman ahal izan dugu iritzia gure herriaren etorkizun politikoari buruz, hiru belaunalditako pertsonak ariketa horietan bilduz. Horrenbeste banatzen gintuen gaiak, elkartzeko eta elkarrekin aritzeko aukera ematen ari zaigu, norberak dituen ilusioak hautetsontzian jasoz.

Erabakitzeko aroan normalak izango dira erabakitzeko ariketak, eta ari gara erabakitzeko ariketak eskatzen duen gaitasuna bereganatzen. Hiriburuetara eraman nahi dugu eztabaida, eta horretan ari gara ilusioz eta adore handiz herritarrak.

Erabakitzeko ariketen oinarria, alabaina, adostasuna da. Herritarrak galdera eta data adosteko gai izan garelako posible egin dugu gure herri eta eskualdeetan herri galdeketak egitea. Gure Esku Dago-n lanean ari garen herritarrok, ordea, Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu erabakitzeko eztabaida eta erabakitzeko jarrera eta jokabideak, erabakitzeko behar dugun kultura alegia. Eta badakigu erabakitzeko bidean gure herriko eragileekin eta erakundeekin batera elkarlanean jardun behar dugula, denon artean josi behar dugun bidea baita, bakoitzak bere esku duena egin dezan.

Badakigu erabakitzeko kulturan adosteko gaitasunak garrantzi berezia duela, eta horrek lanketa berezia behar duela; izan ere, erabakitzeko eskubidearen inguruko korapiloak askatzeko solas egiteko beharra sumatzen dugu, konplizitatea josteko eta adostasuna ehuntzeko borondatea landu nahi dugu, eta erabakitzeko ariketak edo ariketek behar dituzten jarrerak, adostasunak eta tresnak elkarrekin lantzeko elkargune bat eraiki nahi dugu. Bada, hori da, hain zuzen, Herritarron Itunak izan nahi duena. Tresna irekia eta dinamikoa, erabakitzeko eskubidea edukiz betetzeko, zergatik, zertarako, zertaz erabaki nahi dugun elkarrekin partekatzeko eta solasaldi eta partekatze lan horretatik lor dezagun gure herriak erabakitzeko behar duen Herri Ituna(k).

Erabakitzeko bideak behar dituen tresnak ari gara herritarrok plazaratzen: erabakitzeko borondatea eta determinazioa; erabakitzeko ariketak eta orain Herritarron Ituna. Bilbon, ekainaren 10ean, gure esku dagoena partekatuko dugu galdera marka erraldoi baten inguruan, herri honek bere etorkizunaz modu librean erabaki dezan. Gu, Erabakitzeko Prest!

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas

Gure Esku Dago Twitter-en