Galdeketarekin oinarriak jartzen

Imanol Esnaola


Martxoaren 19an Oiartzualdean antolatu galdeketak ezohikoa dugun zolu batean gainean gauzatuko dira. Hedabideren batek berehala adierazi zuen galdeketa independentistak zirela, eta segur aski horrela izendatzeak eskualdeko hainbat lagun lasaituko zuen, baita beste zenbait atzendu ere. Lerroburu haren xedea agerikoa zen.

Hala eta guztiz ere, galdeketa independentista izatea sustatzaileon asmoetatik aski urrun zegoen. Lehen elkarrizketak abiatu zirenetik gaurdaino egin dugun bideak agerian uzten du. Sustatzaileok oinarri demokratikoa ezarri nahi genuke, bai metodologian (ongi egituratua eta sozialki ongi babestutakoa) zein edukietan (herri honen estatusaren auzia aintzat hartzea herritargoari dagokiona itzultzea esan nahi du, erabakimena).

18 hilabete hauetan lorpen garrantzitsuak egin ditugu, euskal gizartearen zein Oiartzualdearen ondare direnak.

Azpimarratzekoak dira zenbait alderdi. Segur aski lehena galderari dagokiona da. Egia da udalerri bakoitzean bertako prozesuaren emaitza izan dela proposatutako galdera. Beraz, bada hainbat galdera, guztiek, ordea, herritarrari bere iritzia emateko aukera eskaintzen diote. Hain zuzen, Frantzia eta Espainiako estatuek euskal herritargoari galarazi ohi dioten gai baten inguruan, bere herriarentzat gura duten estatusa.

Errenteria-Oreretako kasuan galdera bikoitza da, eta horrek aukera ematen du gogoko erantzuna topa dezaten independentista unionista zein federalistek. Ariketak, alta, aukera ematen du xede politiko desberdinetako pertsonek bere iritzia adieraz dezaten.

Galdeketaren edukiaz gain, ordea, aintzat hartzekoa da prozesuan ehunka lagunek hartu duten inplikazioa, asko eta asko ezezagunak eta beste asko hainbat arlotan duten konpromisoagatik ezagunak udalerri bakoitzeko herri-bizitzan. Pertsona hauek izan dira, hain zuzen, prozesuari bermea emateko eginkizuna bere gain hartu dutenak, azken emaitzaren kalkulua bera ere pertsona hauen esku geratu da. Sustatzaile izan garenontzat luxuzko konpromisoa dela esan behar dugu, etorkizunean ere gogoan hartu beharrekoa. Demoarso galdeketak egitura sozial autonomoa izan zuela gogoratuko dugu, izen ezaguneko pertsonek osatua prozesuaren gardentasuna eta fidagarritasuna bermatzeko.

Oarsoaldearen moduko eskualde batean aniztasun politiko eta soziala barneratzen dituen galdeketa bat antolatzea deigarria da. Nork bere proiektu politikoak askatasunez defendatzeak ekarritako sufrimendua gainditzeko oraindik bide luzea dagoen arren, Oarsoaldeako galdeketak lortu du erabakitzeko eskubidea gauzatzearen eztabaida sentsibilitate politiko guztietara heltzea, eta gehiengoak ariketa honetan bere ideiak adierazteko aukera ikustea, nork bere printzipioak utzi beharrik izan gabe. Ez da gutxi.

Ez da bazter uztekoa, halaber, Oarsoaldean ezaguna den jatorri aniztasunaz gain, euskal herrian ezaugarri sozioekonomiko eskasenetakoa duen eskualde bat izatea. Aspaldian bizi du egoera hori, baina bereziki indartu da azken hamarkadan. Hauteskunde prozesu zein parte hartze prozesuetako adituek errenta maila zenbat eta apalagoa izan parte hartzea txikiagoa dela dioten arren, arau hori beti ez dela betetzen azaldu ahal izan dugu. Beharbada pedagogia politiko hobea eta intereseko gaietan parte hartzeko aukera handiagoak behar dira.

Hala eta guztiz ere, lorpen nagusia estatus politikoari buruz askatasunez mintzatzeko agenda eta aukera eskaini izana da. Nork bere iritziak defendatzeko baliatzen duen indarraz harago, era guztietako pertsonek, ezagun eta ezezagunen aurrean, bere amets, kezka, irizpide eta zalantzak adierazteko aukera izana gertaera txoil garrantzitsua da.

Baliteke irakurleak gehiegizkoa iriztea balorazio honi egin dugun kanpainari dagokionez. Esan dezakegu, ordea, kanpainak izan duela aski osagai eztabaida jolas-parkera, lantokira edo familiako otordura iristeko. Sentsibilitate politiko guztietako jarraitzaileek iritzia eman dutela, baita sinesgogorrenek ere. Eta hori guztia giro lasai eta normalizatuan, elkar entzunez, eta batez ere gu bezala pentsatzen ez duenarekiko errespetua barneratuz.

Eta hau Oarsoaldean esan dezakegu, ibilbide luzea duena konpromiso sozialari dagokionez, baina baita oinarrizko eskubideen aurkako eraso larrietan ere, bestelako iritzi politikoa duten pertsonen aurrean iritzia ematea erraztu ez duten gertaerak.

Harro sentitzen gara lortu izanagatik eta sentsibilitate desberdinetako talde jendetsu batek lortu duelako batez ere. Ariketa honetan ez dago bakarkako lidergorik, baina badago ezaugarri kolektiboak dituen emaitza baikor bat, aitortu, azpimarratu eta gorde beharrekoa.

Non gauden aintzat hartu gabe jarduteko trebetasuna duenak (badira halakoak, eta ez gutxi), baliteke balantze eskasa egitea, XXI mendeko gizarte bat garela kontuan hartuz. Guk, ordea, uste dugu gure eskualdeak orain laurogei urte Lizarrako estatutua (1931) eta Gernikakoa (1933) ia aho batez onartu ondoren, erabakitzeko eskubidea gauzatu izanagatik borbardatuak izan ginelako, esandako guztia lehen mailako gertaera dela gure bizitzan, herritar kontziente eta gure eskubideen jabe sentitzen garen aldetik.

Etorkizunean euskal gizarteak bere estatusaz edo dagozkion beste auzi batzuetan erabakitzeko aukera izan beharko du, ez dugu beste aukerarik ikustenk. Halaber, ez dugu ikusten inoren iritzia, izan, independentista, federalista edo unionista, zapaldua edo salatua izango den egoerarik. Proposamen serioak eta errespetua urkoaren ideiekiko, hortxe egon daiteke beste egoera politiko eta sozial batera eramango gaituzten osagaiak.

Zalantzarik gabe, ariketa honek bilakaera horretan eragin egin du eta emaitza onak lortuz egin du. Oiartzualdeko herritargoak, estatusari buruz erabakitzeari dagokionez ez dago lekurik tabu politikoentzat, ez eta kanpoko eragin edo bortxazko jarduerentzat. Gure burua aintzat hartu eta adin nagusiari dagokion eskubidea gauzatzeko urratsa egin dugu. Proposamenekin datorrenak errespetatuz egin beharko du. Zalantzarik gabe, lorpen politiko nabarmena.

Imanol Esnaola

Gure Esku Dago Twitter-en