Gure Esku Dago logo

Etorkizuna nafarron esku

Anabel Arraiza eta Aitor Urrutia


Nafarroako herritarrok kaleak hartu ditugu. Azken hilabeteotan, arrazoi ugari tarteko, mobilizatzeko nahia, beharra eta indarra argi erakutsi dugu: mugimendu feministak deituriko mobilizazioetan, pentsionistek antolatutakoetan, Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeetan, Altsasuko auziaren harira egindako manifestazioetan... Kalera irteteko arrazoiek milaka eta milaka herritar batu dituzte karriketan, eskubide zibil eta politikoen defentsan. Espainiako estatua herritarron eskubideak murrizten eta urratzen ari da etengabe, inolako erreparorik gabe; eta, errepresio horren aurrean, aurrera egiteko determinazioa adierazten ari gara herritarrok, mobilizazio zabal eta anitzen bitartez. Erasoen aurrean borondateak berreraikitzen ari gara, ahalduntzen, sareak josten, antolatzen, gure eskubideen defentsa irmoa egiteko.

Herritarrok eta eragileok kezkaz bizi dugu egoera. Espainiako estatu instituzioetatik gure autogobernurako gaitasuna murrizteko ahaleginetan ari dira, herritarren gehiengoak Nafarroa Garaiko aldaketaren alde eginiko hautuari bizkar emanez. Batetik, Auzitegi Konstituzionalean Nafarroako Parlamentuak onartutako legeei helegiteak jarriz —19 lege errekurritu dituzte jada epaitegietan—, eta lege horien funtsa indargabetuz. Bestetik, lege organikoen aldaketen bidez foru eskumenak murriztuz.

Gure bizitzako alor guztietan —justizia, osasuna, hezkuntza edota pentsioak, besteak beste—, aske erabakitzeko aroa zabaltzeko elementuak baditugu. Azken hamarkadetan bizitako testuinguru konplexuaren ostean, aurrera egiteko tresna bat gehiago da erabakitzeko eskubidearen aldeko jarduna. Ez bakarra. Baina bai ezinbestekoa.

Norabide horretan pauso berriak ematen hasi ginen 2014ko ekainaren 8an. Elkarri eskua emanda, milaka eta milaka lagunek Durango eta Iruñea lotu genituenean, aro berri bat irekitzeko gogoa eta ilusioa adierazi genituen. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aroa ekarri nahi genuen Euskal Herrira, herritarroi zeregin erabakigarria zegokigula jabeturik.

Lau urteotan, herriz herri, ekimen ugari gauzatu ditugu: borondateak josi ditugu, erabakitzeko prestatu gara, hainbat herritan galdeketak egin ditugu, Kataluniari elkarrekin elkartasuna erakutsi diogu… Orain arte egindako bideaz harro, argi eta garbi dugu etorkizuna dugula helburu. Aurten mugarri garrantzitsua dugu ekainaren 10eko giza katearekin, Gure Esku Dagoren orain arteko erronkarik handienarekin. Nafarrok modu aktiboan parte hartuko dugu giza katean. Nafarrok bertan egoteak ekarpen handia egiten dio Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handienari. Une honetan, denon ekarpenak beharrezkoak dira erabakitzeko eskubideak jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat egin dezan.

Baina Nafarroan gure erronka propioak ere baditugu, erabakiaren bidean aurrerapauso sendoak emateko. Besteak beste, erabakitzeko arrazoiak biltzen ari gara herriz herri, Malerrekako, Lizarraldeko eta Bertizaranako bederatzi udalerritan herri galdeketak egingo ditugu maiatzaren 6an eta maiatzaren 19an Iruñean kalera aterako gara.

Nafarroa Garaiko herritarrok gero eta argiago dugu hemen bertan erabaki nahi dugula, eta gai guztietan erabaki nahi dugula. Halaber, inoiz baino argiago dugu Nafarroaren etorkizuna nafarron esku nahi dugula. Erabakitzea denon kontua da, herritar guztiei dagokigu, etorkizuna denon artean eraiki behar dugulako. Gure Esku Dagoren ustez, herritarrok, ezinbestean, mugitu beharra daukagu erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzeko. Horregatik, maiatzaren 19rako erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio berezi bat antolatu dugu Iruñeko Gaztelu plazan: nafarron erabakimena adierazteko giza armarria. Elastiko eta zapi gorriz jantzita, eskuz esku elkar lotuz, giza kate txikiak osatuko ditugu, guztien artean Nafarroako armarria irudikatzeko.

Aurrera begira, erabakiaren bidea emankorra izango dela uste dugu. Gero eta gehiago, erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko borondateak pilatzen ari dira, eta erabakitzeko gaitasuna lantzen ari da. Nafarroan bertan erabakitzeko nahi eta beharra gero eta argiago azaltzen ari dira. Aldi berean, kultura demokratiko eta parte-hartzailea errotzen ari da herritarron artean. Bide honetan sakontzeko bere bultzada emateko prest dago Gure Esku Dago. Herritarrok aktibatuz eta eragile politiko eta sozialen arteko sinergiak ehunduz, erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromiso eta adostasuna sendotzeko lan egingo dugu datozen hilabeteotan, Nafarroa osoan erabakimenaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko asmoz. Etorkizuna nafarron esku dagoelako.

Anabel Arraiza eta Aitor Urrutia

Gure Esku Dago Twitter-en