Erabakitzea ilusio

Sugoi Etxarri eta Josu Oreja


Berrian argitaratua

Durango eta Iruñea 2014an batu zituen erabakitze eskubidearen aldeko giza katean elkarrekin parte hartzearen ilusioak esnatu gintuen. 2015ean, gure erabakia gauzatu ahal izateko hautetsontzien eraikuntzan parte hartzearen ilusioak indartu gintuen. 2016an, jada ametsak egia bihurtzeko garaia zenaren ilusioz aireratu genituen ehunka kriseilu, eta 2017an herri galdeketa gauzatzearen ilusioak mantentzen gaitu gure honetan.

Ilusioa. Zalantzarik gabe, hori da gure dinamikaren ezaugarri nagusia, Gure Esku Dago entzun eta burura datorkigun lehen ideia, ala burutik pasatu gabe ere gorputzean sentitzen dugun berehalako sentsazio irrazionala. Herritar andana helburu komun baten inguruan mobilizatzeak kontrakoak diren bi sentsazioren zabalkundea eragin dezake; haserreak —normalean, gaizki dagoen zerbaiten aurka jo eta suntsitzeko helburu sutsuaz— edo ilusioak —helburua, dagoena baino hobea izango den zerbait eraikitzea izanik—. Lehenengoa guztiz zilegi eta ulergarri izanik ere, bigarren bidea aukeratu du Gure Esku Dago-k.

Aukeretan ederrena, baina aldi berean, zailena. Zergatik? Bada, ilusioak bat-bateko eztanda eragin ohi duelako, olatu erraldoi batek kostaldeko hormen kontra indarrez jotzen duenean bezala. Baina horren ostean, zer? erresaka-unea dator, itxuraz hormak eta harresiak puskatzeko gaitasuna lukeen indar guzti hori desegin egiten da bat-batean. Eta orduan, dena bihurtzen da berriz ere etsipen, eta lehenengo bide hura aukeratzeko tentazioa azaltzen da. Ordea, ilusio hark atzetik benetako edukia bazekarren, zentzu bat bazekarren, erresakaren atzetik olatu berriak etortzen hasiko dira, ziur.

Hau da, zalantzarik gabe Gure Esku Dago-ren kasua. Itxaropen handiak sortu zituen giza kate haren ondoren, eta gizartearen zati handi batek horiek guztiak erortzen «ikusi» ostean, benetan proiektu honen zentzua eta garai historiko honetan duen egokitasuna ulertu dugun inurri langile horiek guztiek, olatu berriak eragiten hasiak gara. Jo du erresakaren osteko lehen olatuak kostaldeko horma. Baina badatoz bigarrena, hirugarrena, laugarrena... ere, ilusioz —baina baita edukiz ere— beteta, baina batez ere, gero eta jende gehiagoren borondateaz.

Baliteke Gure Esku Dago-ren olatuek azken urteetan euskal herritarrongan sortu diren aurreiritzien horma sendo eta zurrun hori suntsitzeko haina indar ez izatea. Baina ziur egon, horma horri arrakala sakonak ireki, eta hura desegiteko bidean utziko duela Euskal Herria, bai eta askoz ere euskal gizarte ahaldunduagoa ere, bere gaitasunengan sinetsiagoa, alegia.

Konbikzio horrekin, eta orain arte dinamikak gure eskualdean jaso duen herritar-babesak ematen digun zilegitasunarekin, «Olatu» izatearen ardura hartzeko erronka onartu dugu Nafarroako Mendialdea eskualdeko kideok. Horrela, bada, aurtengo ekainaren 18an, Larraun-Lekunberri, Araitz-Betelu, Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko herritarrok, beste hainbat nafarrekin batera, dagokigun erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko dugu, era sinbolikoan.

«Hemen Gaude!» proiektuko kideok bost hitzetan/pausotan laburtu dugun prozesu utopiko hori (ezberdinak BATU, bidea ADOSTU, aukeren artean ERABAKI, emaitza ERRESPETATU eta elkarrekin AURRERA EGIN) gure eskualdean ahalik eta ongien egiten ahaleginduko gara, noizbait Euskal Herri osoan hori bera era loteslean egitea lortuko dugunaren itxaropenez, ilusioz. Azken batean, ilusioek mugitzen dute mundua, eta herritarren arteko aurreiritzien horma gaindituta, ez dago horma ez harresirik herri borondatea geldi dezakeenik.

«Hormak eta harresiak ez ditugu maite», bada, goazen horiek guztiak herri borondatez apurtzera! Elkarrekin!

Sugoi Etxarri eta Josu Oreja

Gure Esku Dago Twitter-en