Uribe Kostako lehengo eta gaurko alkate eta zinegotziak, erabakitzeko eskubidearen alde

Uribe Kostako lehengo eta gaurko alkate eta zinegotziak eskualdeko hainbat herritan elkartu dira, Gure Esku Dago herritar mugimenduaren ekimenez datorren Maiatzaren 7an gauzatuko den herri-galdeketaren alde.


2017-04-29

Agerraldi publiko hauen guztien xedea uribekostarrei deialdi zuzena egitea izan da, sentsibilitate ezberdinetako herritarrak eta jendarteko agenteak herri-galdeketan parte-hartzera gonbidatuz. Bozeramaileen hitzetan,   “Uribe Kostako jendartearen lehengo eta gaurko ordezkari politikoak izanik, Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu; horrela, gure aurretik, pentsaera eta izaera desberdinetako uribekostarrak egindako bideari jarraipena emanez eta Gure Esku Dago herritar ekimenak emandako pausuak oso positibotzat joz”.

Ekitaldi oro prozedura berbera jarraitu dute (bana herri bakoitzeko): manifestuaren irakurketa eta ondorengo, taldeko argazkia.

Uribe Kosta Ados elkarteak, Gure Esku Dago herri ekimenaren arduraduna eskualdean,alderdi eta formazio politiko nagusien ordezkariak biltzea lortu du gaur eguerdian, jendartearekiko ilusio mezua komunikatuz; “Adostasun kultura sustatuz, gure etorkizun politikoa erabakitzearen inguruan ikuspuntu ezberdinen argudioak eta behar den eztabaida publikoa zabalduz, herritarrak ahaldunduz eta erabaki beharraz jabetuz, gizartean dauden mugak eta lubakiak erauztea bizikidetza eta elkarlana sendotuz.Ehunduz, Adostuz eta Erabakiz, demokrazian sakonduz, erabakiaren aroa abian da”, horiek izan dira manifestuari bukaera eman dioten hitz baikorrak, denok elkarrekin batasuna adieraziz.

Gure Esku Dago Twitter-en