Gure Esku Dago logo

Larunbatean Irungo kaleak bete nahi ditu Hartu Hitzak, hautetsontziei ongietorria emateko

Auzoetatik abiatuta, Txanaleta plazan amaituko diren martxek ongi etorria emango die hautetsontziei.


2018-10-22

Txanaleta plazan bildu gara azaldu nahi dizuegulako urriaren 27an Hartu Hitza Irun elkarteak antolatu duen ekitaldiaren berri emateko. Herri Galdeketaren kanpainaren barruan, datorren larunbateko ekitaldia momentu nagusiena izango da. Herri Galdeketak Irungo auzo guztietan ohiartzuna izan du, auzo bakoitzean lan taldeak ari dira azaroaren 18ko galdeketa prestatzen eta mugimendu guzti horrek bultzatu gaitu aurkeztuko dizuegun ekitaldia prestatzera.

Irunek Euskal Herrian duen kokagune geografikoa baliatu nahi izan dugu, hau da, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko topalekua, auzo ezberdinak hiru martxetan antolatzeko. Lehenengo martxa Gipuzkoa ibilbidetik igaroko da eta bertan parte hartuko duten auzoak Belaskoenea, Landetxa, Elitxu-Lapitze eta Larreaundi izango dira. Hauen elkargunea Elitxuko rotonda izango da. Bigarren martxa, Junkal elizako plazatxotik aterako da Nafarroa hiribidea jarraituz. Alde Zaharra, Arbes, Artia eta Behobia auzoek beteko dute martxa hau. Azkeneko martxak, Iparralde hiribidea jarraituko du. Gernikako Arbolan, Dunboa, Santiago- Beraun eta Zentroko bizilagunak bilduko dira.

Hiru martxak animazioz lagundurik arratsaldeko 17:30etan abiatuko dira Luis Marianoraino, bertan martxa guztiak elkartuko dira eta denak batera Txanaleta plazara joango dira.

Txanaleta Plazan antolaturiko ekitaldia 18:30etan hasiko da eta honako hauek izango dira une esanguratsuenak:

• Auzoetako martxen iritsiera

• Azaroaren 18ko Herri Galdeketan erabiliko diren hautesontziei harrera

• Urriaren 29an hasiko den bozka aurreratuaren iragarpena

Ekitaldi osoan landu nahi izan den sinbolismoarekin jarraituz, 16 hautesontziak trenez iritsiko dira Irunera. Trenarekin azpimarratu nahi izan dugu ferrokarrilak Irunen iraganean izan duen eta etorkizunean izango duen garrantzia eta eragina.

Ekitaldi honen egitaraua kontu handiz zaindu dugu auzoetan Galdeketaren inguruan sortu den mugimendua islatzeko. Horregatik, irundar guztiei dei egiten diegu, bakoitzak bere auzoko martxan parte hartzeko eta denok elkarrekin biziko dugun unearen garrantzia ospatzeko. Beraz, GOAZEN HAUTESONTZIEN BILA.

Gure Esku Dago Twitter-en