Gure Esku Dago logo

Jendartean hautetsontziak Irunera iritsi dira

Irunek baditu jada azaroaren 18an Irungo Herri Galdeketan botoak jasoko dituzten hautesontziak. Sinbolismoz beteriko ekitaldian, euriari gailenduz irundarrek harrera bero bat eskeini zieten hautesontziei.


2018-10-29

Irundarrak ez ziren eguraldiarekin kokildu eta Irungo erdiguneko kaleak kolorez bete zuten. Hiru martxak jendez beterik topatu ziren Luis Marianon eta denak batera animazio eta ilusio handiarekin Txanaleta plazara abiatu ziren.

Martxetan, 18.11.18, Irungo Herri Galdeketa edo Consulta Popular de Irun bezalako mezuak irakurri zitezkeen. Nolabait, Hartu Hitzako partaideek astelehenean aipatu zuten auzoetako mugimenduak erantzun egin zuen  elkarteak egindako deialdiari eta kaletik zihoazen beste askok, jendearen ilusioa ikusiz, martxetara batu ziren. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparralde hiribidea zeharkatu zituzten martxek eta hautesontziak trenez iritsi ziren. Ekitaldi osoan zehar Irunek duen garrantzia sinbolizatu nahi izan da, azaroaren 18an izango duen garrantzia islatzeko nahian.

Martxak Txanaleta plazara iritsi eta gero, jendeak korridore bat egin zieten 16 hautesontziak zeramaten arduradunei eta txaloka egin zieten harrera. Jarraian, Hartu Hitzaren arduradunek, Elena Berazadik eta Martxel Telletxeak, 17.hautesontzi bat erakutsi zuten, boto aurreratua islatuko duen hautesontzia hain zuzen ere.

 

Urriaren 29tik aurrera, boto aurreratua

Azaroaren 18an ez dagoenak, lehenago bozkatzeko aukera izango du. Lehen bozka sinbolikoak ekitaldian bertan eman ziren, Xabier Txapartegi alkate ohia izan zen arduradunetako bat 16 urteko gaztetxo eta etorkin batekin batera.

Beraz, urriaren 29tik azaroaren 16a arte Hartu Hitza Irunen egoitzan (Arbelaitz Kalea, 3-Irungo Atsegiñaren atzean) bozkatzeko aukera egongo da. Ordutegiak hauexek dira: Astelehenetik ostiralera 18:00-21:00, larunbatetan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00, eta igandetan 11:00-14:00. Horrekin batera, bozkatzeko beharrezko irizpideak eta eraman beharreko dokumentuak hauek dira:

  • Irunen erroldatuta egotea
  • 16 urte baino gehiago izatea, 16 urtekoak barne
  • Irungo helbidea adierazten duen eta iraungi gabe dagoen NAN-a. Iraungita edo Irungo helbidea adierazten ez badu, NAN-a, Pasaportea, Gida baimena edo EHNArekin ERROLDA AGIRIA eraman beharko da.

Urtebete darama Hartu Hitza Irun elkarteak hiru aste barru ospatuko den Irungo Herri Galdeketa prestatzen eta pixkanaka-pixkanaka, abstraktoa zen proiektu bat egi bihurtzen ari da. Hautesotziak Irunen daude jada, hurrengo urratsa irundarrak aktibatzea, erabakitzeko eskubidearekin bat egitea eta Irungo Herri Galdeketan parte hartzea da.

Gure Esku Dago Twitter-en