Gure Esku Dago logo

"Demokraziaren festa izango da"

Hedabideen eta herritarren aurrean agerraldia egin dute gaur eguerdian demokraziaren garaian Erandio, Leioa eta Getxon hautetsi izan diren eta gaur egun diren 60 bat gizon eta emakumek. Azaroaren 5eko herri galdeketan parte hartzeko deia egin dute Getxoko Areetako Bizkaia zubian.


2017-10-28

ADIERAZPENA

Bozeramaileak: Javier Agirre, Getxoko alkate ohia (gaztelaniaz) eta Naiara Goiriena Leioako zinegotzia (euskaraz).

Gaur, 2017ko urriaren 28an, hedabideen eta herritarren aurrean agertzen gara demokraziaren garaian Erandio, Leioa eta Getxon hautetsi izan garen eta garen gizon eta emakumeok.

Uribe Kostako hiru herri hauetako herritarrek hautatu gintuzten behar zen unean euren ordezkari izateko eta eskubideak eta askatasunak euren izenean defendatzeko.

Orain, 2017ko azaroaren 5era begira, Gure Esku Dago ekimenak eta kontsultaren batzorde sustatzaileek bultzatuta, gu ordezkari izan garen herrietako makina bat sinadura bildu ostean, herritarren kontsulta batera deituak gara Erandio, Leioa eta Getxoko herritarrok, gizon eta emakumeok, gazte eta nagusiak, gure etorkizun politikoa erabakitzea gure eskubidea dela aldarrikatze aldera.

Frankismo osteko garaian hautetsi izan garen eta garen gizon eta emakumeok, gure agintaldian eskubideak eta askatasunak defendatu genituen era berean, ulertzen dugu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugula eta geuri bakarrik, euskal herritarroi, dagokigula zer izan nahi dugun eta gure burua nola egituratu nahi dugun erabakitzea. Erabakitzeko eskubidea dugu eta erabaki nahi dugu.

Horregatik, dei egiten diegu Erandio, Leioa eta Getxoko herritarrei azaroaren 5ean udalerri horietan antolatu diren kontsultetan parte hartzera.

Demokraziaren festa izango da: herritarrok, hautetsontziak, botoa eta erabakia.

Herritarron festa izango da: ezberdinen arteko elkarlanaren fruitua, eskuak elkarri emanda, konplizitateak landuta, adostasunak bilduta eta askatasunean.

Erabakitzeko eskubidearen festa izango da: kontsultetan egiten diren galderak gorabehera, kontsultetan lortzen den emaitza gorabehera, erabakitzeko eskubidea gure herrietan sendotzen ari delako, eta azaroaren 5ean inoiz baino sendoago eta aktiboago agertuko delako.

Hori horrela, Erandio, Leioa eta Getxoko herritarrek hautatutako hautetsi gisa, dei egiten dugu azaroaren 5ean, boto papera eskuan eta irribarrean ezpainetan, parte hartzera, botoa ematera.

Animo, parte hartu, eman botoa.

Gure esku dago.

Gure Esku Dago Twitter-en