'Andoain Esan' taldea sortu dute, herriari hitza emateko

Gaur aurkeztu dute dinamika. Herri galdeketa antolatzea du helburu.


2017-04-22

Iaztik Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetan olatu erraldoi bat hasi da sortzen euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko aldarriarekin bat eginez.  Guk ere, hemen bildu garen  andoaindarrok, olatu horri gure neurri xumean, hauspoa  eman nahi diogu, guk ere etorkizun horretako partaide izan nahi dugulako. Hori dela eta, hainbat andoaindarrok ANDOAIN ESAN ekimena sortu dugu, gure herriak ere, etorkizunaren ortzemugan zer esana eta zer adierazia dugula uste dugulako , eta horretarako, eskubidea dugula iruditzen zaigulako.

Duela hiru urte, mila  herritarretik gora izan ginen Irurtzun aldean zein beste gune batzuetan Durangotik Iruñarako gizakate erraldoiean. Oihalak ehunduz ekimenean ere, gure ekarpena egin genuen Anoetan argazki koloretsua irudikatuz. Oraingoan, gure herrira mugatuko den ekimen batekin gatoz, kontsulta baten bitartez, guztion etorkizuna erabakitzeko ariketa demokratikoa gauzatuz.

- Herritarrok erabaki ahal izatea, gure herrian dagoen  sentsibilitate aniztasuna kontutan hartzea da, bereizketarik egin gabe, jakinik gure herria etorkizunean irudikatzeko ikuspegi ezberdinak daudela.

- Herritarrok erabaki ahal izatea beraz,  ez doa inoren aurka, guztion alde baizik. Izan ere, demokrazia gauzatzearekin batera, guztiok irteten baikara garaile, guztiok bihurtzen baikara erabakiaren sustatzaile eta partaide.

- Herritarrok erabaki ahal izatea, aberasgarria izan daitekeela pentsatzen dugu, sentsibilitate ezberdinak ditugunon arteko eztabaidak piztu ditzakeelako, baina aldi berean adostasunak hitzartu, konplizidadeak sortzea eragin dezake, eta azken batean, herritarren arteko gogoeta sustatu, etorkizunean zer nahi dugun izan argiago izan dezagun.

- Herritarrok erabaki ahal izatea, arduraz eta erantzukizunez jokatzea da, besteen esku utzi beharrean gure herriaren etorkizuna, gu bihurtzen baikara subjektu eta protagonista prozesu honetan.

-  Herritarrok erabakitzea, izan daitekeen ariketa demokratikorik osasuntsuena dela pentsatzen dugu, etorkizuneko elkarbizitza modurik zibilizatuenean garatzeko  bermerik bidezkoena delako. Elkarren arteko errespetuan oinarritzen delako. ( Gehiengoaren nahiari bide egiten zaiolako, baina gutxiengoak begirunez kontutan harturik.)

Erronka ez da erraza, aurretik bozkatzeko adinean gauden herritarron %10en sinadura bildu behar baitugu ekimen honi aurre egiteko. Ondoren, kontsulta egunera iristeko prozesuari heldu behar zaio, galdera erabakitzeko prozedura hitzartu, kanpaina egin …

Hala eta guztiz, hemen bildu garenok, erronka horri aurre egiteko gure prestutasuna azaldu nahi dugu ozen eta irmo. Hori dela eta zuei ere, andoaindar herritar modura, gure gonbidapena luzatu nahi dizuegu ekimen honetan eskuz esku lan egin dezagun, sinadurak bilduz, edo-eta antolatuko diren ekitaldietan parte hartuz.

Horretaz gain, adierazi lokal bat hartu dugula, berau Basteron kokaturik dago, Delgado liburudendaren aldamenean. Beraz,  gurekin bat egin nahi duzuen guztiok han elkar ikusiko dugu.

Ez dira etsipenarako garaiak, ilusio eta etorkizuna baikortasunez irudikatzeko garaiak bakizik.

Izan gaitezen gure etorkizunaren akuilu eta partaide.

Izan gaitezen gure etorkizunaren ameslari zein iragarle.

Aurrez,  eskarrik asko guztioi, eta elkarlanean nahas daitezela gure eskuak.

Ekainaren 21ean, erabakitzeko aldeko ekimen erraldoia antolatu zen eta bai oihal katean bai Anoetako ekitaldian Andoaingo herritarren parte hartzea ederra izan zen. Hori guztia, guztion ahalegina eta lanari esker izan zen,beraz  zorionak guztioi!.


Gure Esku Dago Twitter-en