47.152 herritarrei emango die hitza Debabarrenako Gure Esku Dagok maiatzaren 7an

Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur herri galdeketen inguruko informazioa emateko.


2017-04-22

Urtarrilaren 21ean Portalean egindako adierazpenean Gure aurretik herri galdeketak egin dituztenen lekukoa hartuko genuela eta erabakitzeko bidea egin behar genuela aipatu genuen.

Azken lau hilabete hauetan, Debabarrena eskualdean txindurri lana egin eta galdeketak burutu ahal izateko baldintzak sortzen joan gara. Duela gutxi ezinezkoa zirudiena, herritar askoren ekimenari esker, errealitate bihurtu dugu. Eta guri dagokigu, Debabarreneko biztanleoi, hitza hartzea orain.

Maiatzaren 7an, erabakitzeko eskubidea hitzetatik praktikara eramatea..

Ez dago atzera bueltarik, olatu gainean gaude jada, Debabarrenako ia herri guztietara erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa zabaltzera gatoz.

Euskal Herriko beste herri askotan egin den bezala, geuk ere, herritarron borondatea era demokratikoan gauzatzeko eta herri honen egituraketa politikoa adosteko hautetsontziak guztion eskura jarriko ditugu Eibarren, Elgoibarren, Mutrikun, Deban, Soraluzen eta Itziarren hurrengo maiatzaren 7an.

Herritarrak ahaldunduz, prozesua bera gauzatuz, erabakia eraikiz ezberdinen artean, elkarlanean.

Urrats garrantzitsua egingo dugu maiatzaren 7an, eta hortara iristeko azken hilabeteotan, dinamika parte hartzaileak garatu ditugu galdeketa egunera eramango gaituen ibilbidea marrazteko.

Bidea denon artean adostu behar dugulako, denok sentitu behar gara prozesuaren parte.

Eta horretarako hiru fase nagusi zehaztu genituen urtarrileko adierazpenean:

Lehenengoa, EHUNDU: Sinadura bilketaren bitartez, herritarron babesa jaso eta ehundu nahi izan dugu.

Galdeketa legez egin ahal izateko, gutxienez, 3513 sinadura lortu behar genituen Debabarrenan. Eta zorionez, aise gaindituko dugu langa hori, guztira 6011 sinadura batu baitira eskualdean: 1902 Eibarren, 1802 Elgoibarren, 775 Mutrikun, 687 Deban, 622 Soraluzen eta 223 Itziarren.

Jasotako sinadurak, Agenda Española de Proteción de Datosen (AEDP) protokolo eta berme guztiekin egin dira, eta azkenik notaritzara eraman eta deuseztu egin dira jasotako sinadura guztiak.

Bigarrena, ADOSTU: Galdetu beharrekoa denon artean adostu, herririk herri galdera adosteko prozesu partehartzaileak abian jarri ditugu azken hileotan. Eta hauexek dira herri bakoitzean adostutakoak:

Eibar: Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu? ¿Quieres ser ciudadan@ de una república vasca?

Elgoibar: 1.- Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? Desearia cambiar el actual estatus político? 2.- Nahi al duzu euskal estatu independentea? Desearia un estado vasco independiente?

Mutriku: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? Desearias ser ciudadan@ de una Euskal Herria independiente?

Deba: 1.- Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? Desearias cambiar el actual estatus político? 2.- Nahi al duzu euskal estatu independentea? Desearia un estado vasco independiente?

Soraluze: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? Desearias ser ciudadan@ de una Euskal Herria independiente?

Itziar: Euskal Herri independente bat nahi duzu? Deseas una Euskal Herria independiente?

Galderak adostuta, hirugarren fasea, ERABAKItzea da: eta horretarako, 2017ko maiatzaren 7an, 16 urtetik gorako 47.152 Debabarreneko herritarrei hitza emango diegu.

Beraz, hemendik aurrera, GED taldeon erronka nagusia, maiatzaren 7an ahalik eta herritar gehienen parte hartzea lortzeko sustapen lana egitea da.

Orain arte, lan handia egin dugu, sinadurak batzen, herritarrak sentsibilizatzen, ekitaldiak antolatzen, dirua lortzen, galderak adosten, parte hartzea bermatzen eta abar, baina, batez ere, maiatzaren 7an 47.152 herritarrek botoa ematea lortu nahi genuke, inor ez dadila etxean geratu, denon artean zirriborratu dezagun herri honen egituraketa politikoa nolakoa nahi dugun.

Gaur hemen konpromiso horixe hartuko dugu, Debabarrenako bizilagunei herrietan adostutako galderei erantzun diezaieten hautetsontziak (urnak) eskura jartzea.

Zentzu horretan, datorren apirilaren 27an, arratsaldeko 7etan, erabakitzeko eskubidearen gainean, oso mahainguru berezia antolatu dugu Armeria eskolako areto nagusian, bertan Juan Jose Ibarretxek (lehendakari ohia), Garbiñe Biurrunek (epailea) eta Mario Zubiagak (EHUko irakaslea eta GEDkidea) parte hartuko dute. Moderatzailea Jon Telleria kazetaria izango da.

Prentsaurreko honen bidez, Debabarreneko GED talde guztion izenean gonbidapena luzatu nahi diegu eskualde osoko herritarrei bertan eta maiatzaren 7ko herri-galdeketetan parte har dezaten.

Bakoitzaren pentsaera, jatorria, kolorea, sentsibilitatea errespetatuta, hainbat herritarrek bat egin dugu Gure Esku Dago Debabarrena ekimena martxan jartzeko.

Herritar guztiek jakin behar dute gure ekimena guztiontzat zabalik dagoela. Denon beharra dugula, eta inor ez dagoela soberan. Elkarrekin, eta partehartzearen bidez, ametsa egia bihur dezakegu, eta herri honen etorkizuna guztion iritziak kontuan hartuta eraiki. Eta horretarako partehartzea da gakoa!

Maiatzaren 7an herririk herri erabakiko dugu, baietz, ezetz edo zuriz bozkatu, baina parte hartzea zure esku, GURE ESKU DAGO! 

Gure Esku Dago Twitter-en